Jaure, izarren gerizpean
Oihan Sancet eta Nico Williams izan ziran izar nagusiak Athleticek Rayo Vallecanoren aurka jokatu eta irabazi eban partiduan. Erdilariak bardindu egin eban lehia penaltiz, bolada txar eta kezkagarriari amaierea emonaz, eta hegalekoak aurretik ipini eban bere taldea ezker oinagaz sartutako gol bikainari esker. Zuri-gorrien garaipena biribiltzeko, Sancetek gol bikaina sartu eban areaz kanpotik egindako jaurtiketa bategaz. Kontuak kontu, argi eta garbi esan daiteke Valverdek aulkitik zelairatu ebazan jokalariek goitik behera aldatu ebela Rayo Vallecanoren aurkako partiduaren norabidea.
Haladanbe, garaipenaren protagonista nagusiak beste batzuk izan arren, lehen minututik zelaian egon zan mutiko baten lanaren garrantzia nabarmendu gurako neuke: Mikel Jauregizar Albonigarena. Hogeta bat urteko bermiotarrak behar ikaragarria egin eban Rayo Vallecanoren aurka. Baloi piloa berreskuratu ebazan –Sancetek sartutako hirugarren gola berak lapurtutako baloi batetik etorri zan– eta ahalegin horretan kilometro ugari egin arren, ez eutson uko egin erasora joateari eta laugarren gola sartzeko zorian egon zan partiduaren azken txanpan. Osorik jokatu ditu azken lau partiduak, Osasuna, Vila-real, Rangers eta Rayoren aurka eta bosgarren dago minutu gehien jokatu dabezan jokalarien artean –28 partidu jokatu ditu ligan– Williams anaiak, Vivian eta Berenguerren atzetik. Ernesto Valverdek argi esan eban domekan Jauregizar funtsezko jokalaria dala gaur egun Athleticen. Marcelino Garcia Toralek esaten eban moduan, jokalari gazteek bultzatu egin behar dabe lehen taldearen aldagelako atea lurrera bota arte. Ba, erdilari bermeotarrak txikitu egin dau ate hori. Txingurrik berak behin esan eustan harrobitik datozen gazteen ganean berbetan gagozala, entrenatzaileak lehen taldean jokatzeko aukerea emon leuskiola mutilari baina haren eskuetan dagoala aukera hori baliatzea. Hondino gogoan daukat joan zan urteko apirilaren 24ean Mikel Jauregizarrek eta Beñat Gerenabarrenak Lezamako prentsa areto txikian emon eben prentsaurrekoa Bilbao Athleticen denporaldi bikainaren ganean berba egiteko. Gozatu egin neban lekeitiarraren eta bermeotarraren adierazpen zentzundunak entzuten euskera ederrean. Urte bete be ez da igaro ordutik eta Jauregizarrek jauzi ikaragarria emon dau, taldeko gizon garrantzitsuenetakoa bilakatu arte. Fisikoki indartsua eta nekaezina izateaz ganera, zelaian beti dago egon behar dan lekuan. Gola sartzea baino ez jako falta –Rayoren aurka hurre ibili zan– eta laster lortuko dau.
Rayo Vallecanoren aurka lortutako garaipenak berbiztu egin dau Athletic Rangersen aurkako kanporaketako itzulerako partidurako. Horregaz ez dot esan gura taldea makal ebilenik. Edozelan be, aurreko hiru partiduetako gol siketeari amaierea emotea behar eban Valverderen taldeak. Ganera, Athleticek seme kutuna berreskuratu dau denporaldiaren azken txanparako. Oihan Sancet talde honetako jokalari onena da eta bera ondo dagoanean taldea ondo dago. Argi eta garbi. Nafarra zelaian dagoanean aberastu egiten dau zuri-gorrien erasoko jokoa. Eta zer esango dogu Iñigo Ruiz de Galarretaren ganean. Ez dau zorte handirik izan lesinoakaz eta taldeak igarri egiten dau bere hutsunea benetako jokalari magikoa da-eta. Nico Williams be biztuten bada, Athleticek denporaldi amaiera bikaina egin leike. Lehenengo urratsa eguenean emon behar dau Rangersen aurka San Mamesen. Erronka erakargarria benetan. l