Desilusino itzela hartu genduan Athletic zaleok kopa txapelketearen finalaurrekoetako partidu bietan gure taldearen ezintasuna ikusita. Denporaldia erdi amaituta egoala uste genduanean, Bartzelonaren aurkako lehian erakutsitako erreakzinoak barriro biztu eban itxaropena zale zuri-gorrien artean. Gironan ikusitakoaren ostean, baina, ilusinoa galduta geratu gara, pentsaurik, ganera, liga txapelketea amaitzeko geratzen diran hamar partiduetan sufridu baino ez dogula egingo. Izan be, Valverderen taldeak sinesgarritasuna galdu dau eta oso gatxa da ekipoaren ganeko konfiantzeari eustea. Pentsa lei, Athletici ahaztu egin jakola futbolean jokatzen eta partiduz partidu erakusten dauen ezintasuna kezkatzen hasteko modukoa da. Houston, arazo bat daukagu eta konpondu ezinik gabilz.

Klubeko arduradunek esan eben -Sanchez Pizjuanen galdu ostean- taldearen helburu nagusia maileari eusteko beharrezkoak diran berrogeta bi puntuak lehenbailehen eskuratzea zala. Hurrengo hiru jardunaldietan beste horrenbeste garaipen kateatu ondoren, zuri-gorriak Europara begira jarri ziran. Edo horixe uste genduan behintzat. Errealidadeak erakutsi deusku, baina, amets faltsu bat baino ez zala. Izan be, Athleticek zelaian erakusten dauen jokoa ikusten dauen edozeinek, ez leuke sekulako esango talde horrek Europarako sailkatzeko aukerarik daukanik. Ikusitakoa ikusita, denporaldia lehenbailehen amaitzea litzateke gauzarik onena, ostean ilusinoa berreskuratzeko hurrengora begira.

59

Irudietan: Girona-Athletic Agencias

Bigarren zatiak

Ez dakit nor izango litzatekeen pertsonarik egokiena ondo aztertzeko zelan ekiten deutson Athleticek partiduei. Oviedon, Vallecasen zein Gironan, zuri-gorriak negargarri aritu ziran lehenengo zatian. Atsedenaldira arte itxaron behar izan genduan ekipoaren erreakzinoa ikusteko. Oviedoren aurka markagailua irauli eben, Rayoren aurka bardindu baina Gironan kokoteko galanta jaso. Ez dot uste jarrera kontua danik. Garbi daukat jokalariek ahal daben guztia emoten dabela aurkaria menderatzeko. Hori bai, jarrera kontua ez bada, zer dala-eta ikusten dogu hain Athletic makala lehen zatietan?

Beti baikor eta alai egoan arratiar batek esan eustan -beti pozik egotearen arrazoiaz itaunduta- haserre edo ezkor egoteak baino etekin hobea emoten deutsola pozik egoteak. Beraz, kritika zorrotz eta odoltsuetan sartu barik -Athletic zaleok bereziak ei gara- etorkizunera baikortasunez begiratzeko ahalegin egingo dot, Valverderen taldeak -aurten behintzat- horretarako arrazoi gitxi emon badeusku be.

Hamar jardunaldi geratzen dira ligea amaitzeko eta hondino be, sinisgatxa bada be, Athleticek bizirik ditu Europarako sailkatzeko aukerak. Horretarako baina, ezin dau orain arte lez jarraitu. Baten batek -ez dakit zehatz nork- ukabilkada bat jo behar dau mahai ganean, taldea aurkari lehiakorra izan daiten barriro be. Betis, Vila-real, Osasuna, Valentzia eta Celta etorriko dira San Mamesera eta zuri-gorriek Getafe, Atletico de Madrid, Alaves, Espanyol eta Real Madriden aurka jokatuko dabe. Jokalarien eskuetan dago joko dinamika eskasa irauli eta amaiera duina emotea deporaldiari. Hurrengo lau partiduak erabakigarriak eta argigarriak izango dira. Betis, Vila-real eta Osasuna hartuko ditue Katedralean eta Getafera joango dira. Desilusinoen zorroa beteta daukagu eta poztasunak behar ditugu, aspaldiko partez.