"Gura barik be, Europara joango gara” esan eustan Athletic zale beterano batek Valentziaren aurkako partidua hasi aurretik. Izan be, Europarako sailkapena inoiz baino merkeago dago. Denporaldi makala egin arren eta hamasei porrot jaso arren (hamazazpigarrena domekakoa), zuri-gorriek aukera ederra eukien Europarako postuetara hurreratzeko. Horretarako, baina, Valentzia menderatu behar eben eta ez eben lortu. Athletic zaleok denporaldiko enegarren desilusinoa jaso genduan. Pentsau gura dogu egunen batean taldeak aurreko denporaldiko jokoa eta sendotasuna berreskuratuko dauzela baina partiduak joan partiduak etorri, zuri-gorrien ezintasuna agirikoa da. Hori bai, Athleticek Europarako borrokan aurkari dituen taldeak be ez dabilz bape ondo eta galdu arren Valentziaren aurka, puntu bakar batera dauka sailkapeneko zazpigarren postua, datorren denporaldian Conference Ligea jokatzeko aukerea emoten dauena. Dana dala, ikusitakoak ikusita eta jasotako kokotekoak jasota, ia nork eusten deutson itxaropenari. Valverderen taldeak sinesgarritasun guztia galdu dau.
Mendizorrotzan lortutako garaipenak zama handi bat kendu eutsoen lepo ganetik Athleticeko jokalariei, jaisteko postuen mamua behin betirako desagertu zan-eta. Presino hori kenduta, danok uste edo espero genduan taldearen errendimenduak hobekuntzea eukiko ebala liga txapelketako azken lau partiduetan, Valentziaren aurkakotik hasita. Pelikulearen gidoia, ostera, ez da aldatu eta San Mamesen beste partidu askotan ikusitakoa errepikau zan domekako partiduan: etxeko taldea ezinean erasoan eta bigun defentsan. Arrazoia eukan Valverdek esan ebanean Valentziak ezer gitxi eginda min handia eragin ebala esaterakoan. Beste era batera esanda, gauza gitxi egin behar da Athletici irabazteko.
Domekako norgehiagokak sekulako garrantzia eukan Europarako sailkatzeko lehian. Zelaian, baina, ez zan irabazteko behar hori igarri. Egiari zor, klubetik bertatik hasi ziran garrantzia kentzen Valentziaren aurkako partiduari. Ez dakit nori okurridu jakon Edin Terzic entrenatzaile alemaniarraren fitxaketearen barri emotea martitzenean, denporaldia amaitu arte itxaron barik. Ibaiganetik hurrengo denporaldira begira jarri eben zalea, domekako partidua bazterrean itxita. Hurrengo egunean, eguaztenean, Yeray Alvarezen kontratu barritzearen barri emon eben. Albiste pozgarria, zalantza barik, baina hau be etorkizunera begirakoa, epe laburrera etorrenari garrantzirik emon barik. Eta Valentziaren aurkako partiduaren atarian, omenaldia Valverderi Athleticen aulkian 500 partidu bete dituelako. Jakina, San Mamesen holako ekitaldiren bat dagoanean, taldeak ez dau partidu onik egiten.
Kontuak kontu, hiru partidu geratzen dira denporaldiari amaierea emoteko -Valverderi sudur puntea gorritu jakon esan ebanean ez dauela denporaldia amaitzerik gura- eta Europarako sailkatzeko aukerak bizirik badagoz be, inor gitxik dauka konfiantzarik ekipo zuri-gorrian. Orain arte ikusitakoa ikusita, batek daki zer egin leiken Valverderen ekipoak Espanyol, Celta eta Real Madriden aurka, are gehiago jakinda perikitoek hamazortzi partidu daroezela irabazi barik. Zuri-gorriek ez dabe meritorik egin Europan lehiatzeko datorren denporaldian eta sailkapena eskuratzen badabe, benetako miraria izango da, ligan hamazazpi partidu galdu dituen taldearentzat.