Athleticek hasiera ezin hobea emon deutso aurtengo liga txapelketeari, azken hamabi urteetako onena, Sevilla eta Rayo Vallecano menderatuta lehen jardunaldi bietan. Behin baino gehiagotan lerro honeetan esan dogun lez, eta arrantzale zaharren esaerea berreskuratuz, goizeko hamarretan ontzi barruan dagozan atunak gaueko hamarretan be barruan dagoz. Kontuak kontu, ondo hastea garrantzitsua da beti, besteak beste, emaitza onek konfiantza handia emoten deutsoelako taldeari. Normala dan moduan, Ernesto Valverderen taldeak zer hobetu asko dauka hondino bere bertsinorik onena emon arte, baina prozesu hori errazagoa eta gozoagoa da zorroa puntuz beterik eukita. Liga txapelketea hasi baino ez da egin baina gozatu daigun taldearen hasiera onagaz. Gero, gerokoak. Garaipen bi liga txapelketako lehen partidu bietan eta daborduko inor ez da gogoratzen denporaldi aurrean izandako emaitza makalez.

Sevilla eta Rayo Vallecanoren aurka jokatutako norgehiagokak erabat ezbardinak izan dira. Jesus Aresok partidua amaitu ostean esan eban legez, bigarren jardunaldiko partidua lehenengokoa baina hobea izan da Athleticen aldetik, osoagoa. Sevillaren aurkako norgehiagokea zoroa izan zan. Zuri-gorriak nagusi izan ziran lehen zatian baina bapeztu egin ziran bigarrengoan. Ganera, aurkaria erraz, oso erraz, iristen zan Unai Simonen ate ingurura eta Athleticek gol bi jaso ebazan. Alde horretatik, Rayoren aurkako partidua ezbardina izan zan, erabat. Lehen zatiko jokaldi nahasi bat kenduta –baloia Unai Simonen hanka artetik igaro zan– Iñigo Perezen taldeak ez eban arriskurik sortu Athleticen ate aurrean. Egia esateko, talde zuri-gorriak be ez eban gauza handiegirik egin erasoan eta Valverden oso goiz ipini eban Sancet beroketa ariketak egiten. Bigarren zatian, erdilari nafarra zelaian zala, Valverderen gizonek aurrerapausu bat emon eben hiru puntuen bila, eta kostata izan bazan be, garaipenaren gola sartu eben.

Sevillaren aurkako partiduaren ostean danok oso pozik joan ginan etxera, norgehiagoka erdi galduta ikusi ostean Athleticek garaipena lortu ebalako. Rayoren kontrako partiduaren ostean beste poztasun bategaz urten genduan, taldeak hiru puntuak eskuratzeagaz batera, aurreko urteko partidu gehienetan erakutsitako sendotasunera hurreratzen ikusi gendualako. Golik ez jasotea da lehenengo urratsa garaipena eskuratzeko bidean eta Athleticek kontrolpean euki eban jokoa ia partidu osoan.

Barri onakaz jarraituz, sekulako poza hartu genduan Oihan Sancet Tirapu zelaian normaltasunez jokatzen ikusita. Jokalariak berak partidu osteko prentsaurrekoan aitortu eban legez, ikaratu egin zan Liverpoolen min hartu ebanean, hasiera baten belauna txikitu egin ebala uste ebalako. Zorionez, lesinoa ez da larria izan eta Sancet Valverderen aginduetara dago, hondino be bere bertsinorik onenetik urrun badago be. Halandabe eta fisikoki lehiaketa erritmo barik egon arren, erdilari nafarrak asko emoten deutso zuri-gorrien jokoari. Rayoren aurka be, berak eragin eban penaltiaren jokaldia eta berak sartu eban garaipenaren gola. Ezin jako gehiago eskatu.

Eta datorren eguenean Txapeldunen Ligaren lehen faseko partiduen zozketan egongo da Athletic Europako talde onenakaz batera. Eguen arratsadean jakingo dogu zein zortzi talderen aurka jokatuko daben zuri-gorriek. Gauza bat argi dago. Ez dala aurkari makalik egongo. PSG, Liverpool, Bayern, Manchester City, Inter Milan, Napoli, Arsenal, Borussia Dortmund eta tartean, Bilboko Athletic Club. Itzela.