USKAL Herria tabernarik gabe izango da aste batzuetan. Eusko Jaurlaritzak neurririk gogorrenetariko bat hartu du pandemiaren kontrako borrokan irabazle suertatzeko, eta Gabonetara ondo heldu ahal izateko. Argiz beteriko Gabonetan inor ari da pentsatzen? Hurrengoa erabateko konfinamendua izango da, eta hori agian, Gabonak iragan eta gero etorriko da, hauteskundeak pasa ostean egin zuten bezala. Baliteke aukera gehiagorik ez egotea kutsatze madarikatuen goranzko joera amaitzeko, baina, benetan, ordutegiak ezin ziren gehiago murriztu eta aire apur bat eman alor horretako langileei?

Nik buruan ditut auzoetako taberna txiki horiek, eguneroko kafea eta txikitoa eskaintzen dituztenak, arratsaldeko zuritoak laguntasunez eta irri batekin zerbitzatzen dituztenak, hileko soldataren zati handi bat bertako alokairua ordaintzeko erabiltzen dutenak, inguruko gizon-andre jubilatu zaharren kafetoki bilakatu direnak, auzoari bizipoza eta bestelako kolorea ematen dizkiotenak, Covid horren lehen erasoan itxita zeudenean etxeko enpresa txikia ez hondoratzeko aurrezturiko diru dezente inbertitu zutenak, guztion osasuna bermatzeko beti estigmatizatuak izaten direnak, auzoetan isiltasuna sortuko dutenak.

Zantzu guztien arabera ez omen dira kutsatu kopururik handienak tabernetan gertatzen, izan ere desinfekziorako hartu duten joera oso handia da, eta tai gabe ibiltzen dira zerbitzariak garbiketa lanetan eta jendeari begirako espazioak neurtzen eta kontrolatzen. Betiko legez, sektore horrek berriz sufrituko du. Nola altxatuko dute berriz negozioko pertsiana? Itxiera erabateko izango da, baina erabaki horrekin batera gertatuko den deskalabruaren kontrako premiazko neurririk ez dut nik aditu. Laguntzarik egongo ote da?

Lehendakariak indarra batzeko eskaera ere egin zuen, bai eta hartutako neurriak zorroztasun eta erantzukizunarekin errespetatzeko ere. Ea guztion partetik bermatzen den hori, "inor atzean geldi ez dadin".

Kutsatze datuen jaitsiera orekatuko omen duen aginduak dakarren poztasuna da joko eta apustu establezimenduak itxiko direla.