Síguenos en redes sociales:

Aitor EtxebarriazarragaBIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

“Beharrezkoa da gizartean dauden aldaketarako nahiak bertsolariok lehen lerrora ekartzea”

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen larunbatean Aitor Etxebarriazarragak, Onintza Enbeita bigarrenari puntu erdiko aldea aterata

“Beharrezkoa da gizartean dauden aldaketarako nahiak bertsolariok lehen lerrora ekartzea”Gaizka Portillo

Bilboko finalean dotore kantatuta, lehenengoz jantzi zuen Bizkaiko onenaren txapela. Txapelak irekiko dizkion ateak zeharkatzeko eta gozatzeko prest dagoela dio.

Puntu erdiko aldeaz irabazi zenuen finala. Ariketa puntuagarri ugari egin zenituzten, bakarka zein ofizioetan, zer da puntu erdi hain saio luzean?

Kasu honetan, puntu erdi da irabazteko nahikoa. Baina egia da, hainbeste bertso eta hainbeste epaileren batuketa den heinean, puntu erdiko aldea berdinketa baten modukoa dela. Badaezpada, nik txapelik ez dut askatuko, neurea da, baina gure arteko aldea oso estua zela garbi dago eta puntuazioa horren erakusgarri da.

Finalaurrekoetan sendo kantatu zenuen. Barruan sentitzen zenuen hau izan zitekeela zure urtea?

Txapelketa hasi aurretik ez nuen halakorik irudikatzen. Abadiñoko finalaurrekoan, bereziki saioa amaitu eta gero, bai ikusi nuen neure burua aurrerapausua egiten. Txapelketaren aurreko saioetan, plazan, nahiko sendo eta eroso sentitu nintzen, esan nahi nuenetik gertu, baina txapela irabaztera helduko nintzela? Amets egin bai, baina helburu markatu modura, behintzat, ez neukan.

Zer helbururekin joan zinen, bada, txapelketara?

—Aurten ez dut helburu zehatzik jarri. Beste txapelketa batzuetan finalean sartzea izan zen finkatutako helburua, baina oraingoan ez. Saiatu naiz plazetan neukan kantaera txapelketara eramaten, plazan gorputzaldi sendoa eta ausarta izan dudala esango nuke. Alde horretatik pozik nago, txapelketak dakarren urduritasunaren eta marko berezi horren barruan lortu dudalako neure onena ematea.

“Buruz buruko hori Onintzagaz egitea bereziki hunkigarria izan zen niretzat. Ordu asko pasatu ditugu elkarregaz, batez ere aurten”

Kanpotik sentsazioa izan zen bertsolariek finala urduri samar hasi zenutela eta pixkanaka saioaren mailak gora egin zuela. Oholtzatik hala sentitu zenuten?

Nik ez daukat irudipen hori, Zortziko Handiko bertso asko gustatu zitzaizkidan. Egia da, urduritasuna baino gehiago, motorrak berotu beharra dagoela, eta behin martxa hartuta igual hobeto josten ditugula bertsoak. Momentu kontua izaten da gehiago, bertsoen mailarena baino gehiago. Final batek eskatzen duen urduritasuna izan nuen saio osoan zehar. Hankak lurrean sendo sentitu nituen, urduritasuna ondo kontrolatu nuen.

Aitor Etxebarriazarraga

Casillako harmailetan 4.700 entzule egon ziren eta hasieratik giro beroa egon zen. Horrek lagundu zizuen?

Duda barik. Bertsoak zentzua dauka publikoa baldin badago, nori kantatua baldin badago. Entzuleak zenbat eta adiago, beroago eta gosetuago egon, gu orduan eta hobeto sentitzen gara, haziago. Alde horretatik ez zen aitzakiarik egon, plaza gozagarri zegoen eta klima horrek geu ere kutsatu gintuen.

Finalaren lehenengo fasean, zortzi bertsolariak lehian zeundetela, zein ariketatan aritu zinen erosoen?

Esango nuke, Zortziko Txikian izan ezik, beste guztietan gustura ibili nintzela, bai gaiek iradokitakoagatik, bai kantua ekartzeko moduagatik. Puntuazioan, beharbada, puntu erantzunetan izan nuen baloraziorik onena, baina egindako ariketa guztietan gustura utzi nauen saioa izan zen.

Onintza Enbeitarekin kantatu zenuen buruz burukoan. Nola bizi izan zenuen?

—Norbera buruz burukora pasatzea emozionantea izaten da berez. Buruz buruko hori Onintzagaz egitea bereziki hunkigarria izan zen niretzat, bera eskualdeko erreferente nagusietako bat delako bertsotan. Ordu asko pasatu ditugu elkarregaz, batez ere aurten, txapelketarako entrenatzen. Gainera, gure amamak ahizpak ere baziren eta badaukagu familiako loturatxo hori. Daukagun harremanagatik, buruz burukora pasatzeak emozio guztiak leherrarazi zituen, ordura arteko patxada eta sendotasun guztiak labadora moduko batean sartu ziren eta hankaz gora jarri. Emozioz beteta hasi nintzen Zortziko Txikian eta hantxe etorri zen arratsalde hartako nire laprastada ebidente bakarra: lehenengo bertsoa kantatzen hasi eta amaiera ahaztu zitzaidan, hain emozionatuta nengoen!

Bederatzi puntuko doinu bat erabili zenuen finalaurrekoetako zein finaleko bakarkako ariketa gehienetan. Zer dela eta neurri hori?

Txapelketa aurreko hausnarketan hasi nintzen pentsatzen bakarkako ariketetan zer egin nezakeen, eta ez nuen aurkitzen motibaziorik beste neurrietan. Bila hasi nintzen ea zein doinuk izan zezakeen zailtasun gehigarri bat eta, era berean, neuretzat tonalidade egokia. Hala aukeratu nuen bederatzikoa, gero bidean utzi nuen baina berriro berreskuratu, Abadiñon biribil atera zitzaidalako.

Gaurkotasun handiko gaiak, une honetan gizartea kezkatzen dutenak, izan zenituzten kanturako. Nahiago dituzue halakoak?

—Niri gustatzen zait gaiak konkretuak izatea. Ez dut uste 5.000 pertsona gu entzutera etortzen direnik guk kontu hutsalei buruz kantatzeko. Hasierako agurrean esan nuen bertsoa arma bat dela gure mundu hau aldatzeko edo, gutxienez, jendeari pentsarazteko. Beharrezkoa da gizartean dauden zalantzak eta aldaketarako nahiak guk lehen lerrora ekartzea.

Hurrengo bi urteetan zeu izango zara txapelaren jabe. Nola egingo diozu aurre erantzunkizun horri?

Orain arte izan dudan bertsotarako jarrerari eta gorputzaldiari eustea da asmoa. Txapelek, batzuetan, ateren bat edo beste zabaltzen laguntzen dute eta, halakorik etorriz gero, ni pozarren joango naiz. Zabaltzen diren ateei haginka egiteko gosez nago.

Datorren urtean Euskal Herriko Txapelketa Nagusia jokatuko da eta han izango zara. Zein asmorekin?

Goizegi da asmoei berbak ipintzeko. Helburu zehatz batekin joango naizenik ez dut uste, baina nahi nuke kantaera hau eta gorputzaldi hau mantentzea eta, ahal bada, hobetzea.