Duela bi urte kaleratu zen Miñan eleberria, baina bere autoreek harriduraz behatzen jarraitzen dute erdietsi duen oihartzuna. Euskarazko liburu salduenen artean jarraitzen duen kontakizuna gazteleraz eta katalanez kaleratuko da urrian Blackie Books argitaletxearen esku. Horrekin zazpi hizkuntza zenbatuko ditu Gineatik abiatuta, egarria, gosea eta mina ezagutuz, Afrika osoa zeharkatu zuen Ibrahima Balderen istorioak. Hasiera batean, Amets Arzallusek letrak jarri zizkionean bere ibilbide latzari, asmoa ez zen liburu gisa merkaturatzea, baizik eta bere asilo eskaeran laguntzeko txostena jorratzea. Helburu horretan porrot egin izanak behin Europara heltzean migranteek pairatzen duten odisea burokratikoa uzten du agerian. Ibrahima Balderen bizipenek egunero zenbakien atzean ezkutatzen ditugun beste milaka migranteena islatzen dituzte.

Irungo harrera-sarean zebilela ezagutu zuen Ametsek Ibrahima. “Babesa eskatu zuen pertsona bat zen. Elkarrizketa egin genuenean bere asilo eskaerarako txosten bat egiteko ariketaren barruan sartzen zen. Helburua horrek markatzen zuen”, kontatzen du Amets Arzallusek. Baina Ibrahimari ezezkoa eman zioten hasieratik eta egoera irregularrean gelditu zen. “Arrakasta liburua eta merkatuaren terminoetan hartzea zail egiten zait, liburua babes minimo bat lortzeko sistemaren baitan erabakitzen duten horiengan sentsibilitate pixka bat lortzeko idatzi baitzen”, azaltzen du Iparraldeko bertsolari eta kazetariak. Hala ere, eleberriak izan duen zabalpenak bere bidea beste begi edo esku gehiagotara heltzea ahalbidetuko duela irizten du.

Arzallusek berak aitortzen duenez, nahiz eta gaiaz kezkatuta egon eta horren inguruan irakurri izan, migranteen zeharkaldia gehienetan Mediterraneoko azken muga hori gainditu behar duten momentutik heltzen zaigu komunikabideen bidez. “Gainera oso muga traumatikoa da eta ondorio latzak ditu”, dio idazleak. “Baina azken muga hori gainditu arte, gehienek urteetako ibilbidea dute, eta tartean beste oztopo batzuk aurkitzen dituzte: bizi baldintzak izugarri zailak dira eta kasik merkantzia bezala erabiltzen dituzte”, azaltzen du. Hura izan zen Ibrahimaren kasua, anai txikiaren bila abiatu zen Europarantz Afrika erdia gurutzatuz, bidean basamortuari, poliziari eta bahitzaileei aurre eginez. Zeharkaldi horren kontakizun oso bat egin nahi izan zuten.

Libiako zein Marokoko egoeran, konkretuki, Europar Batasunaren ardura ere seinalatzen du, diruz ordaintzen baitu migranteak han atxikitzea. Horren atzean milaka eta milaka egoera latz ezkutatzen dira. “Askotan zenbakiak larriak dira, baina zenbat eta handiago despertsonalizatu egiten dira istorioak. Ibrahima pertsona bat da eta Ibrahima asko heltzen dira egunero”, argudia-tzen du bertsolariak. “Zenbakiak txiki edo handi, oso hotz gelditzen dira. Funtsezkoa da beraiei ahotsa ematea beraiek dakitelako zer den bizi izan dutena, eta horretaz haratago jakinduria eta elkarkatsun sare oso bat landu dute halabeharrez”. Liburua, hain zuzen ere, ahots horiei zabalkunde bat emateko saiakera da.

Egoera irregularrean

Behin Europara heltzean, migranteentzako odisea burokratiko bat hasten da berton bizitzeko baimen minimo bat lortzeko. “Hor luze segitu zitekeen liburuak eta orain ere jarraitu dezake, egunero bere pausoekin idazten doan istorioa baita”, irizten du Arzallusek. Babes politikoa eskatzeko irizpide batzuk daude hitzartuta, eta Ibrahima Balderen istorioa ez zen kontsideratu babesa emateko modukoa. “Ezezkoa jaso zuen eta egoera irregularrean gelditu zen, aterperik gabe. Horrek arrisku ba-tzuk ekarri zizkion. Hala ere, lan egiten eta ikasten saiatu zen, bere bidea urratsen. Eta konturatzen naiz bide hori modurik zintzoenean egiten ahaleginduta ere oztopoz eta ezinez josten zaiela”, agerian uzten du Hendaiako bertsolariak. Bere esanetan, Afrikakoa zeharkaldi geografiko, fisiko eta psikologiko izugarria baldin bada, Europakoak psikologikoki izugarria izaten jarraitzen du. “Ez gara ohartzen pertsona horietako bakoi-tzak eguneroko gauza txikietarako zenbat oztopo dituen, zenbat eska-tzen zaion”, hausnartzen du.

Babes eskaerak Madrilera eraman du Ibrahima Balde. “Asiloa ukatu ziotenetik egoera irregularrean dago. Mekanikari formakuntza segitu ahal izan du, tailer batek ateak ireki zizkiolako lehenagotik”, kontatzen du Arzallusek. Asilo ukapenari errekurtso bat jarri zioten Auzitegi Nazionalean abokatu baten bidez, eta, horrek, momentuz, errekurtsoari erantzuten zaion bitartean, egoera irregularrean egotearen arriskuak indargabetzen ditu. “Hiru urteko epean, beste baldintza batzuk betez gero, sustrai-tzea eskatu lezake”, esplikatzen du. Ibrahimaren kasuan urrian beteko dira hiru urte, baina sustraitzea eskatzeko beste baldintza batzuk ere bete beharko lituzke: hala nola, hizkuntza menperatzen duela frogatzea -horretan ez du arazorik- edota jatorrizko herrialdeko pasaportea lortzea. “Berak ez du inoiz pasaporterik izan, borroka horretan gabiltza enbaxadarekin. Hau kilometroetako bidea da eta milimetroka aurreratzen duzu”, kontatzen du.

Amets Arzallusen esanetan -eta horregatik hitz egiten du bere izenean-, oso zaila egiten zaio Ibrahimari guzti honetaz jardutea. “Bizipen eta oinaze handiak daude, nik elkarrizketen bidez, nolabait, Ibrahimaren korapilo batzuk askatu ditut. Ez da erraza izan beretzat, konplizitate eta harreman handia behar izan dugu”, aitortzen du bertsolariak. Hala ere, Amets Arzallus kontziente da ariketa hori profesionalen esku egon beharko lukeela. “Baina erantzun gabe dauden beste urgentzia batzuk daudenez, ez gara iristen eskakizun horiek eran-tzuteraino. Ibrahimari oso zaila egiten zaio oroitzapen horien sakuan sartzea, horren atzean min asko dagoelako”, azaleratzen du.

Komisarian entregatu behar zen txostenak hartu duen neurriak ustekabean harrapatu zien. “Ez genuen imajinatzen euskaraz aterako zenik ere, inozentziaren begiekin begiratzen dut nik. Ibrahimak are gehiago, zeren idazten eta irakur-tzen oso justu moldatzen da, nahiz eta lauzpabost hizkuntza hitz egiten heldu zen Afrikatik”, adierazten du. Hasierako asmoa beste bat izan arren, pozez bizi dute liburuak hausnarketa sustatzea. “Esan didate hunkiturik gelditu direla batzuk, zer pentsa eman diela edo zerbait egin nahia sortu diela. Hortik bakoitzak ahal duena egiten badu, gauzarik xumeena bada ere, errealitate honi buelta bat emateko eskertuta sentituko naiz, ahaleginak merezi izan duelako”, bukatzen du Arzallusek.

“Askotan zenbakiak larriak dira, baina zenbat eta handiago despertsonali-zatu egiten dira istorioak”

“Hiru urteko epean, Ibrahimak beste baldintza batzuk betez gero, sustraitzea eskatu lezake”

Bertsolari eta kazetaria