Itxurakeriak gogaitzen nau. Antzina abadeen gainean esaten zen moduan, gauza bat da predikatzea, beste bat praktikatzea. Itxurakeria askotan oharkabekoa da bera praktikatzen duenarentzat. Hain zaio natural! Areago, itxurakeria hori norbanakoarengandik gizataldera igarotzen da berez-berez. Ale bat hona ekartzearren: konturatu zarete langileen auzoetako tabernetako terrazetan bezero gehien-gehienek ez dutela edalontzirik eroaten kanpoko mahaitik taberna barruko erakusmahaira?

Beharginen aldekoak ei diren manifestazioetan edo beharginek eurek kale-agerraldiak egiten dituztenean, zergatik zikintzen dute behea paperez? Nork garbitu beharko ditu haiek lohitzen dituzten inguruak? Alkateak? Ahaldun nagusiak? Lehendakariak? Bai zera. Beste behargin batzuek garbitu beharko dituzte kale zikindu horiek, eurok lehendik zuten beharra egiteaz gainera. Beharginen alde? Ala itxurakeria praktikatzen dute eta agintean daudenen irudia zikindu nahi dute kaleak eurak txerrituz?

Ni gaur egun erretzen ez duen erretzaile amorratua naiz. Erretzen nuenean beti egiten nuen ahalegina, zigarro-mutxikina hautsontzietara jaurtitzeko. Bada, ez dut ulertzen zergatik erretzaile batzuek behearen gainera jaurti behar dituzten zigarro-mutxikinak hautsontzietara jaurti beharrean. Beharginak diren erretzaile horiei ez die besteen lanak ardurarik ematen? Hain errespetu gutxi die besteei eta beraien eskubideei? Haien atzetik joan behar du alokairupeko batek edo bere kasetako apal batek haien zikinkeriak garbitzera.

Maila bereko langileek elkarri egiten dizkioten txakurkeriek gogaitzen naute. Niri ugazabak txakurkeria bat egitea ez dago ondo, baina maila berean batak besteari txakurkeriak egitea barkaezina da. Eta zer diozue ekologista igandezale horien gainean? Astelehenik ostiralera arte autoak, hegazkinak eta beste hamaika tresna kutsatzaile erabiliagatik, igande eta jaiegunetan natura zaindu nahi duten horien gainean? Itxurazale hutsak baino ez dira. Gogaikarriak!