Hirugarren edizioa

Online ospatuko da 'Zinebi Networking: dokumentalen sorgunea' foroa

17.11.2020 | 21:00

BILBO. Orain dela hiru urtetik hona urtero egin izan den moduan, aurten ere 'Zinebi Networking: dokumentalen sorgunea' foro profesionala ospatuko da. Oraingo honetan, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, online egingo da.

Zinema dokumentalaren foro profesional honen bidez, Zinebik euskal ikus-entzunezko ekoizpena bultzatu nahi du, eta, covid-19aren pandemiak markatutako urte honetan, gure industria-sarea suspertzea, tokiko talentuari aukera emanez beren proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dizkieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko.

Hautatutako zortzi proiektuek tutoretza-saio pertsonalizatu batean parte hartu zuten joan den astean Virginia García del Pino zuzendari eta artistarekin, eta, bihar, asteartean, hilak 17, jendaurrean aurkeztuko dira on line ekitaldi batean (Zinebiren eta EPE-APVren webgunearen bidez ikusi ahal izango dena), Aida Vallejo sormen-zinema dokumentaleko irakasle eta espezialistak moderatua.

Aukeratutako proiektuak epaimahaikideen aurrean aurkeztuko dira: Jara Ayucar (Zineuskadi eta Basque Audiovisualeko komunikazio arduraduna), Maria Basagoiti (ETB), Mehdi Bekkar (Al Jazeera Documentary Channel), Loles Fanlo (Noucinemart eta D'A Film Jaialdiko zuzendariordea), Ainhoa González (Europa Creativa Media Desk Euskadiko bulegoko arduraduna), Catherine Le Clef (Cat & Docs banatzaile frantziarraren presidente eta CEOa), Elena Mera (Galiziako Treeline banatzailetik) eta Ove Rishøj Jensen (Danimarkako dokumentalen aholkulari eta ekoizlea).

Proiektu irabazleak 10.000 euroko Zinebi Networking: Dokumentalen Sorgunearen saria jasoko du.

(H)EMEN

Gainera, ikus-entzunezko sektoreko agente profesionalei zuzendutako jardueren artean, Zinebik topaketa bat egingo du gaur, azaroaren 16an, (H)emen Elkartearekin elkarlanean, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Bertan, Europa mailan ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloko emakume profesionalen online datu-basea sortzen aitzindaria den elkarte honek bere webgune berria eta datu-basea aurkeztuko ditu.

Bilera on line ikusi ahal izango da arratsaldeko seietatik aurrera Zinebiren webgunean, eta film laburren eta dokumentalen zuzendariek zineman izan duten esperientziari buruz hitz egiteko aukera izango dute.

ARTEA ETA KULTURA

Astearteko jardunaldiak artea eta kultura nabarmenduko ditu Zinebin. Horiek dira Jia Zhang-ke txinatar zuzendari ospetsuaren azken lanaren bi osagai nagusiak. Beautiful Docs - Panorama de documentales del mundo sailean estreinatuko du Estatuan, Swimming Out Till the Sea Turns Blue, aurreko Berlinalen estreinatu zuena, eta azken 70 urteetako txinatar kultura herrikoiaren panoramika eskaintzen duena, hiru intelektualen ikuspegitik (Yu HuA, Jia Pingwa eta Liang Hong). Filma Golem Alhondiga zinema-aretoetan izango da, 18:30ean.

Artea eta kultura ere protagonista dira Arte Ederren Museoan erakutsiko diren bi film luze dokumentaletan: hiru artista bizkaitarren artea Margolan oparitzen didazu? (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey) eta Mikel Zarate irakasle eta idazle euskaltzalea Mikel Zaraten, bihotz zabaleko ameslaria (Josi Sierra).

ORDU-MURRIZKETA

Eusko Jaurlaritzak onartutako ikuskizunetarako eta kultura-ekitaldietarako ordutegi-murrizketa dela eta Zinebik kendu egin behar izan ditu parte hartu duten filmen errepikapen-saioak, bai Sail Ofizialean – Nazioarteko Film Laburren Lehiaketan, bai Sail Ofizialean – ZIFF Zinebi First Film, bai Beautiful Docs lehiakorra ez den sail paraleloan. Gainera, saioen ohiko ordutegiak aurreratu dira, indarra duen araudia betetzeko, eta denak 21:00ak baino lehen bukatuko dira.

#BILBAOUDAZKENA2020

Zinebi #BilbaoUdazkena2020 udal-ekimen kulturalaren barruan kokatzen da. Ekimen hori Udalak diseinatu du kultura-sektorea bultzatzeko eta babesteko, sektore hori baita covid-19aren egungo krisiak gehien kaltetu duenetako bat. #BilbaoUdazkena2020ren programazio osoak osasun-agintariek ezarritako protokoloei jarraitzen die hertsiki eta une oro.