Aste honetako San Jose egunean, ikurrina lehenengoz erabili zen Euzkaldun Batzokitik kanpora. Bermeon suertatu zen 1895. urtean, eta Aketxe balandroan kulunkarazi zuten orduko arrantzaleek urteak garrenean euskal aberriaren ikurra bihurtuko zena. Xedea, euskal aberria aldarrikatzeko “Euzkotarren aberria Euzkadi da” leloaren ikur grafikoa zabaltzea. Bitartekoa, berriz, begirunezkoa, inoren aurkakoa ez zena, ezpada euskal nortasunaren osagaia, itsas herri bateko hiritarren eguneroko langintzako tresna. Gaurko lako egun batean, 1960. urtean, Jose Antonio Agirre Lekube Euzkadiko lehenengo lehendakaria zendu zen Parisen, erbestean. Haren xede nagusia euskal aberria nonahi eta noiznahi aldeztea izan zen. Aldezte horretan eman zuen bizia, estutasun gogor-larri-gorriak jasan behar izan zituen, baina printzipio demokratikoak beti gidaburu zituela. Xedea, euskal aberria aldeztea. Bitartekoa, borroka demokratikoa. Aurtengo hil honetako aste honetan, berriz, Korrika hasi da higitzen Atarratzetik. Euskararen herrialdeak zeharkatuta, Bilbon emango zaio buru Korrikari, eta azken tarte horretan, besteak beste, alderdi politikoak eta sindikatuak daude gonbidatuta. Aurten, AEKk erabaki du CCOO Korrikan ez onartzea sindikatuak euskarak Administrazioan duen lekuaren aurka errekurtsoak jartzeagatik. Desadan euskara EAEn herritarrentzat eskubidea dela eta Administrazioarentzat betebeharra. Horrela ulertzen dut nik. CCOOk ez bezala. CCOOren ustez, euskara neurri handiegian eskatzen da Administrazioan sartzeko. Nire aburuz, euskararen ikuspegitik, EAEko herritarrok berdintasunean gaude enplegatu publiko bihurtzeko. Eztabaida demokratikoa da. Gainera, euskarak baditu lagunak, eta bidaideak behar ditu. Xedea, euskara behar bezala hartua izatea. Bitartekoa, AEKrekin ados ez daudenak baztertzea, bidaideak apartatzea, eta zeharka ez CCOO bakarrik. Desegokia, erreakzio okerragoa lortuko baitu. Ala nahastuta daude xedea eta bitartekoa? Ez ahal da hala izango!
- Multimedia
- Servicios
- Participación