Apirilean amaituko dira Sestaoko Vega Galindo esparruko Kaiku Hiribidea 1-11n eraikitzen ari diren alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko 180 etxebizitzen obrak.

Astelehen honetan goizean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok sustapena bisitatu du, Gorka Álvarez Sestaoko alkatearekin, Josefina San Miguel Udaleko Hirigintza zinegotziarekin eta Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusiarekin batera. Ekitaldia horretan izan dira, halaber, proiektua idatzi duen aldi baterako enpresa-elkarteko ordezkariak —Ispizua Arquitectos 3 SLP - Equi Estudio Sozietate Kooperatiboa eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SL (EBA) enpresek osatu dute aldi baterako enpresa-elkarte hori—.

Sustapen hori gaur egun Bizkaian abian den alokairuko parke publikoko bizitegi-jarduera garrantzitsuenetako bat da eta Alokabide sozietate publikoak kudeatuko du.

Denis Itxasok bisitaldian adierazi duenez, “alokairuko 180 etxebizitza horien obrak apirilean amaituko dira. Etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan 7.000 etxebizitza babestu berri sustatzeko hartutako konpromisoaren parte dira. Ez gara iragarkiei buruz mintzatzen ari, baizik eta egiten ari diren obrei buruz eta, hilabete batzuk barru —udaren ondoren—, herritarren zerbitzura egongo diren etxebizitzei buruz”. Eta erantsi duenez, “Sestaok, beste udalerri gutxik bezala, islatzen du iragan industrial konplexua eraldatzeko gaitasuna, betiere hiri-berroneratzean, jasangarritasunean eta etxebizitza eskuragarrian oinarrituta”.

Bestalde, Gorka Alvarez alkateak aditzera eman du etxebizitza eskuratzea bihurtu dela herritarren lehen kezka, eta gai horren inguruko soluzio errealak planteatzeko “gaur, Eusko Jaurlaritzarekin batera bisitatuko dugu, Sestaon azken hamarkadetan eraiki den etxebizitza babestuen sustapenik handiena”. “Sustapen hori albiste bikaina da gure herriarentzat, familia eta gazte askori aukerak, egonkortasuna eta etorkizuna eskainiko baitizkie”, adierazi du alkateak.

Eraikuntzari, bidezko urbanizazioari (BEZik gabe) eta deskontaminazioari dagokien obra-aurrekontua (kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua), 21.129.176,93 eurokoa da —117.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko—, proiektuaren dimentsio teknikoa eta eraikuntza-dimentsioa islatzen duena.

Sustapenean guztira 32.058.695,84 euroko inbertsio eguneratua egin da. zenbateko horretan sartzen dira jarduketari lotutako kostu guztiak, barnean direla zeharkako gastuak, finantza-gastuak eta zergak. Zenbateko horretatik, 7.698.553 euro Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik datoz, hau da, sustapenaren kostu osoaren % 24 inguru.

Jarduketak, gainera, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan % 43,75eko hobari metatua izan du, udal-interes bereziko eraikuntza dela deklaratu ondoren eta etxebizitza babestua izateagatik.

Sestaoko Vega Galindo esparruan eraikitako babes ofizialeko etxebizitzetara egingako bisita. S. U.

Kaikuko topografiara eta ingurunera egokitutako proiektu arkitektonikoa

Eraikin berria Vega Galindo esparruko UE-1 egikaritze-unitateko A1 partzelan kokatzen da, Nerbioi itsasadarraren eta Galindo ibaiaren artean dagoen esparru estrategiko batean, Kaiku hiribideak eta Altos Hornos de Vizcaya hiribideak mugatuta.

Partzelak 6.950 m²-ko azalera du eta ipar-mendebalderantz goranzko malda txikia, eta proiektua bi bloke angeluzuzen bidez ebazten da. Bloke horiek beheko solairua, solairuartea eta sestra gaineko zazpi altuera dituzte (BS+SA+7), sei ataritan antolatuta (bi 1. blokean eta lau 2. blokean) eta hiribidearen topografiara egokituta.

1. blokean 60 etxebizitza daude, eta 2. blokean, berriz, 120, eta banaketa tipologikoak udalerrian hautemandako premien aniztasunari erantzuten dio:

  • Logela bakarreko 17 etxebizitza
  • Bi logelako 110 etxebizitza, horietako 8 mugikortasun mugatuko pertsonentzat egokituta
  • Hiru logelako 53 etxebizitza

Solairu guztiek terraza eta esekilekua dituzte fatxadan, bistatik babestuta eta, hala, bizitegi-kalitatea areagotuta. Garajeak, etxebizitza bakoitzeko bat, bi soto-solairutan kokatzen dira (-1 eta -2 solairuak), eta Kaiku hiribidetik dute ibilgailuentzako sarbidea.

Eraikuntzaren ikuspegitik, eraikinak hormigoi armatuzko egitura du, eta zapata eta euste-horma aurrefabrikatu bidezko zimendatzea. Inguratzaileak fatxada aireztatua, aluminiozko akabera eta konposite-panela uztartzen ditu goiko solairuetan; beheko solairua eta solairuartea, berriz, bistako adreiluz ebatzi dira, hiri-integrazioa indartze aldera. Estalkia laua eta alderantzikatua da.

%100 eredu energetiko elektrikoa eta bizi-zikloaren kostuaren murrizketa

Visesaren estrategia berrienen ildotik, sustapenak % 100 eredu energetiko elektrikoa du, eta energia-eskaera murrizteko neurriekin osatzen da, hala nola isolamendua hobetzearekin, estankotasun indartuarekin eta beroa berreskuratzen duen fluxu bikoitzeko aireztapen mekanikoarekin.

Era berean, etxeko ur beroa termo elektriko indibidual bidez sortzen da, eta berokuntza-sistema, berriz, efizientzia handiko erradiadore elektriko bidezkoa da. Sistema hori osatzen da estalkian dagoen eremu fotovoltaikoarekin, araudiak eskatzen duen ekarpen berriztagarria estaltzen duena.

Berokuntzarako fluido-zirkuituak ezabatzeak mantentze-lanak errazten ditu, arriskuak murrizten ditu eta eraikinaren bizi-zikloaren kostu globala hobetzen du, bai eraikuntza fasean, bai erabilera eta kontserbazio fasean.

Sestaon alokairuko etxebizitza-eskari egiaztatuari emandako erantzuna

Sustapenak premia objektibo eta kuantifikatu bati erantzuten dio. Etxebideren datuen arabera, gaur egun Sestaon etxebizitza-eskaera egin duten 2.358 bizikidetza-unitate daude, eta horietatik 2.089 unitatek (% 88,5) alokairu-erregimeneko etxebizitza eskatzen dute. Horietatik 1.531 udalerrian erroldatuta daude eta 558 ez.

Sustapena alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitza gisa egikaritzen denez gero, adjudikaziodunei urtean 9.000 eta 46.463,29 euro arteko diru-sarrerak eskatzen zaizkie. Tarte horretan 1.386 izen-emate aktibo daude; horietatik 994 Sestaon erroldatutako pertsonei dagozkie eta 392 bertan erroldatuta ez daudenei.

Adjudikazio-irizpide espezifikoei dagokienez, “bi profil bereziki adierazgarri nabarmentzen dira”, adierazi du sailburuak. “Batetik, 36 urtetik beherakoentzako kupoa; alokairu babestua eskatzen duten 2.089 eskaeren artean 668 dira (480 Sestaon erroldatuak eta 188 Sestaon erroldatu gabeak). Bestetik, pertsona bakarreko bizikidetza-unitate asko daude, 1.088 eskaera (774 Sestaon erroldatuak eta 314 Sestaon erroldatu gabeak)”, jakinarazi du.

Horren ildotik, Itxasok adierazi duenez, “datu horiek argi eta garbi islatzen dute Sestaon alokairuaren merkatuaren gaineko presioa handia dela eta etxebizitza babestuko egitura-eskaria dagoela, batik bat gazteen eta bakarrik bizi diren pertsonen artean”. Hori dela eta, “administrazio gisa, gure betebeharra parke publikoa handitzea da, egonkortasuna, prezio eskuragarriak eta bizitegi-segurtasuna eskaintze aldera”, aitortu du.

Vega Galindo: industria-ingurune degradatu baten berroneratze integrala

Vega Galindo berroneratzeko proiektuan barne hartzen da sustapena, hain zuzen Euskadin azken hamarkadetan garatutako hiri-eraldaketako prozesu handienetako batean. Esparruak 184.103 m²-ko azalera du guztira, eta historikoki La Naval eta Bizkaiko Labe Garaiekin lotzen ziren industria-erabilerak izan zituen. Birmoldaketa industrialaren ondoren, eremuan degradazio fisikoa, azpietxebizitzak eta lurzoru kutsatuak nagusi ziren.

Garapena bi egikaritze-unitatetan egituratzen da (UE-1 eta UE-2 egikaritze-unitateak). UE-1 egikaritze-unitatea erabat garatu du Visesak, eta bertan 343 etxebizitza sustatu dira guztira:

  • Alokairuko 58 etxebizitza sozial
  • Alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitza
  • Salmentako babes ofizialeko 53 etxebizitza
  • Eta oraingo alokairuko babes ofizialeko 180 etxebizitza hauek

Lehenengo hirurak entregatu zituzten jada, eta azkenak azken faseari ekingo dio.

Lurzoru industrialak deskontaminatzeko, ordezko bizitokiak eskaintzeko, eraikuntzak eraisteko eta urbanizatzeko prozesu konplexuak eragin ditu proiektuak, baita San Frantziskoko zelaia gisako espazioak lehengoratzea eta udalerriaren gainerakoarekiko eta itsasadarrarekiko konexioa hobetzea ere.

Sailburuak, amaitzeko, aditzera eman duenez, “Euskadik lurralde degradatua berroneratzeko, lurzoru industriala deskontaminatzeko eta lurzoru hori kalitateko etxebizitza publiko bihurtzeko duen gaitasunaren ikur da Vega Galindo. Gizarte-kohesioaren aldeko eta hiri-eredu bidezkoagoaren eta jasangarriagoaren aldeko apustu estrategikoa da”.