Lekeitioko liburutegiak esperientzia eta ezagutza partekatzeko gune bihurtzen jarraitu nahi du, eta horretarako, Zer egingo zenuke Kultur Etxean? galderari erantzuteko IDEI LABO izeneko deialdia abiatu du.
Ekimen honen bidez, 2026an zehar aktibatuko diren lehen proiektu eta ideiak jasoko dira, kultur etxea sormen, ikaskuntza eta elkarlan espazio bizia izan dadin.
Deialdiaren helburua herritarren ekimenak sustatzea da, ezagutza kolektiboa sortzeko eta partekatzeko prozesuak martxan jarriz. Proposamenak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira, eta parte-hartzaile edo talde bakoitzak gehienez hiru proiektu edo ideia aurkezteko aukera izango du. Proiektuen iraupena ere askotarikoa izan daiteke: asteburu bateko ekintza puntualak, hilabeteko prozesuak edota aldizkako saioak (adibidez, ostiralero).
Aurkezten diren proiektuek ezaugarri zehatz batzuk izan beharko dituzte. Alde batetik kolaboratzaileak izan behar dira, hau da, beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzeko edo parte-hartzea sustatzeko prest egongo direnak.
Beste ezaugarrietako bat da esperimentalak izan beharko dirala, prozesuaren bidez ikaskuntzak eta ezagutza berriak sortuko dituztenak, proba eta errorea, eta parte-hartzaileen jakintzen nahasketa ahalbidetuz. Eta inklusiboak izan behar dira, profil askotariko pertsonen parte-hartzea errazten dutenak.
Deialdia Lekeition bizitza hobetzeko proposamen bat egin nahi duen edonori zuzenduta dago, ikasteko eta ezagutzak partekatzeko gogoa duten herritar guztiei.
Ohar gisa, Lekeitioko liburutegiak azpimarratu nahi du 12 urtetik beherakoen kasuan, izen-ematea 18 urtetik gorako pertsona batek egin beharko duela, legezko ordezkari edo tutore gisa.
Beraz, IDEI LABO deialdiaren bidez, Lekeitioko liburutegiak herritarren ideiak entzuteko eta elkarrekin esperimentatzeko gonbita luzatzen du, kultur etxea komunitatearen behar eta ametsekin batera eraikitzeko helburuarekin.