Hainbat hamarkadatan egon diren sakabanatutako aurkikuntzak sistematizatzeko beharrari erantzunez, udalerriko ondare arkeologikoaren erregistroa eguneratzeko eta baloratzeko azterlan sakona bultzatu du Sopelako Udalak, ondare historiko aberatsaren irismena, kontserbazio-egoera eta potentzial zientifikoa zehatzago ezagutzeko. Lan honek dal-kudeaketari tresna teknikoak eman dizkio udalerria ondare-irizpide sendoekin babestu, ikertu eta planifikatu ahal izateko.

Ikerketaren abiapuntua Sopelan Erdi Paleolitotik gaur egun arte izandako giza okupazio handia eta jarraitua izan da, bereziki, Kurtziako silexaren ustiapenarekin lotuta. Silex hori penintsularen iparraldeko kostaldeko gune garrantzitsuenetako bat izan zen historiaurrean. Erregistro horri erromatarren garaiko, Erdi Aroko eta Aro Modernoko aztarnak gehitu behar zaizkio, baita arkitektura historikoen multzo handi bat ere —kostaldea babesteko bateriak, baserriak eta errotak, eta lurrazalean (arkitekturen altxaeretan) nahiz lurpean potentzial arkeologikoa dutenak, besteak beste—.

Azterketaren irismena datuen bilketa hutsetik harago joan da, eta analisi arkeologikoa kartografia historikoarekin, geomorfologiarekin eta paisaiaren aldaketa prozesuekin integratu da. Horren ondorioz, datu guztien erregistro osoa egin da Informazio Geografikoko Sistema eguneratu batean. Bertan, babestutako aztarnategi guztiak, ustezko arkeologia guneak, inbentariagarriak, proposamenak eta abar jaso dira, eta ustekabeko aurkikuntzen kokapena, emaitza positiboak izan dituzten arkeologia-jarduerak eta abar ere identifikatu dira. Tresna horrek aukera ematen du aurkikuntzen banaketa espaziala ikusteko, potentzialtasun handiko eremuak identifikatzeko eta eraldatutako edo emaitza negatiboak dituzten eremuak detektatzeko, prebentziozko kudeaketa zorrotza erraztuz.

Azken emaitzen artean, irizpide teknikoetan eta egiaztagarrietan oinarrituta, udalerriko ustezko arkeologia guneak handitzeko eta berrikusteko proposamena nabarmentzen da. Azterlanak figura horren garrantzia azpimarratzen du, funtsezko tresna baita ondare-afekzio itzulezinak saihesteko eta etorkizuneko ikerketen bidez aurrera egiteko, aztarnategien presuntziotik baieztapenera edo desafekziora.

Lan honen erabilgarritasuna askotarikoa da: hirigintza eta lurralde mailako erabakiak hartzeko oinarri sendoa ematen du, ondarea esku-hartze berrien aurrean babesten laguntzen du, eta Kantauri isurialdean gutxi dokumentatutako aldiei buruzko ikerketa-lerro berriak irekitzen ditu, hala nola Paleolitoko aire zabaleko asentamenduei dagokienez. Era berean, Eraztun Berdearen garapena bezalako ekimen estrategikoekin lerrokatzen da, ondarea, paisaia eta plangintza jasangarria integratuz.

Azken gogoeta gisa, azterlan honek agerian uzten du ondare arkeologikoaren babesa ez dela garapenerako oztopo, baizik eta Sopelaren historia ezagutzeko, zaintzeko eta balioan jartzeko aukera bat dela. Ondare hori karakterizatzeko eta kudeatzeko egin den ahalegina oso txikia da ondare, kultura, zientzia eta gizarte onurekin alderatuta, eta udalerria erreferentziazko posizioan jarri da bere iraganaren kudeaketa arduratsuan.