Lekeitio Lagunkoia elkartea lanpetuta dabil egun hauetan. Horren erakusgarri da, ostiralean Gabonetako argiak piztu zirenean 500 lagunentzako txokolatea prestatu ondoren, bihar, abenduak 15, auzolana egingo dutela Uribarri parkean, loreontziak garbitu eta jolasguneko pinturei ukituak emanez.

Horrela, goizeko 09.30etatik aurrera, 25 kopadun loreontziko landara zaharrak kendu eta berriak jarriko dira, udaberrirako prestatze aldera. Saio berean, txintxaun eta haurrentzako jolasgunearen mantentze lanak egingo dira. Jardunaldia 12.30ak arte luzatuko da eta boluntarioak gerturatzeko deia egin dute.

Elkartearen jarduerek etzi ere jarraituko dute hileroko batzarrarekin, goizeko 10.00etan Kultur Etxean, eta antolatzaileen esanetan, “ongi etorri kide berriak izango dira”.

Egun berean, 18.00etan, Azkue aretoan, El hijo de la novia filma proiektatuko da. Eta abenduaren 17an, 18.00etan, Ikusgarri zineman, Lea Artibaiko Nagusien Elkarteen eskutik, Silver Festibala ospatuko da, ‘Punkaren beste aldea’ dokumentalarekin. Horrela, festibalaren 3. edizio honetan, Lekeitio izango da Nagusien Zinemaldiaren kokalekuetako bat.

Ekintza hau Lea Artibaiko Nagusien Elkarteen babespean egingo da, eta jardunaren amaieran, adinekoek eta herritarrek eskualdean egiten ari diren jarduerak partekatuko dituzte. Eskualdeko gazteak eta adinekoak dokumentala ikustera gonbidatuta daude, eta Lekeitio Lagunkoitik adierazi dutenez, “asko eskertuko genuke erantzun ona eta zinema betetzea, ekitaldi hau urtero mantendu ahal izateko”.

Abendua amaitzeko, abenduaren 23an, 17.00etan, Ikastolan, Olentzeroren etorrerarako prestatutako txokolatea ere banatuko dute.