Bizkaiko lurralde historikoko arraza garbien abeltzainen elkarteentzako eta abeltzainen elkarte sektorialentzako 2025erako laguntzen deialdia onetsi du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta guztira 600.000 euro banatuko ditu.

Elkarte horiek Bizkaiko abeltzaintza ekoizpena eta sektorearen antolaketa eta ordezkaritza hobetzeko egiten duten lana babestera bideratutako diru laguntzak dira, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek azaldu dutenez.

Arraza garbietan, animaliak arraza beraren aurrekoetatik datoz, eta liburu genealogiko ofizial batean inskribatuta daude, hau da, haien jatorria eta ezaugarriak berresten dituen erregistro bat dago. Kumeak hazteko irizpide teknikoak erabiltzen dira, arraza kontserbatzeko eta hobetzeko.

Laguntzen helburua da abeltzaintzaren arloan elkarteok egiten dituzten ekoizpena hobetzeko programak eta ordezkaritza eta koordinazio jarduerak babestea, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearekin bat etorriz.

Laguntzak eskatu ahal izateko, elkarteak legez eratuta egon behar dira, Bizkaian egoitza soziala eta fiskala izan behar dute eta haien helburua abeltzaintza edo nekazaritza jarduera hobetzearekin eta haren ordezkaritzarekin lotuta egon behar da. Kanpoan geratuko dira izaera sindikala duten nekazaritza erakunde profesionalak eta soilik kalitate ziurtapenean edo larre publikoen kudeaketan dihardutenak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak dira, besteak beste, abeltzaintza lehiaketak antolatzea, liburu genealogikoak sortzea edo mantentzea, kalitate genetikoko probak, funtzionamendu jarduerak, sustapen ekintzak, laguntza teknikoa, prestakuntza eta elkarteen jarduerarekin lotutako mintegiak.