Euskaltzaindiak 'Gabrielen ispiluetan barrena' jardunaldia antolatu du azaroaren 14rako Bilboko egoitzan, Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazle bilbotarrak euskal idazleengan izan duen eragina aztertzeko.
Akademiak jakinarazi duenez, Bilboko Udalaren babesarekin antolatutako topaketak hainbat belaunalditako poetari luzatutako galdera bat du abiapuntu: "Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?".
Edorta Jimenez, Sonia Gonzalez, Tere Irastortza, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz eta Leire Vargas idazleak, Mikel Martinez antzerkilaria eta Eñaut Elorrieta musikaria izango dira parte hartzaileen artean.
Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak Bilbon, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko.
Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gabriel Aresti Katedrarekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa duela.
Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu aurkezpen eta bestelako musika emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.
Orain, Euskaltzaindiak egun osoko jardunaldia antolatu du, Gabriel Arestik euskal idazleengan izandako eragina aztertzeko. Horrela, poetaren heriotzaren 50. urteurrenean hainbat belaunalditako idazleei egindako galdera bat du abiapuntu jardunaldiak: "Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?".
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">