Garraitz irla balioztatzeko lanek jarraipena izango duteI. FRADUA
Aspalditik dabil Lekeitioko Udala udalerriaren ondare arkeologikoaren erakusle den Garraitz irla balioztatzeko lanetan. Ez da nola nahiko lana, uhartearen “lurretan balio handiko elementuak aurkitu” direlarik, “besteak beste, eremu erlijioso eta militarrekin lotura duten eraikinak”. Honen erakusgarri da 2019. urtean Eusko Jaurlaritzak Parke Arkeologikoaren izaera aitortu izana. Eta prozesuarekin jarraitzeko, udal-administrazioak proiektuaren bigarren faseko lanak lizitatu ditu, Europatik etorritako Next Generation funtsen bitartez. Guztira, hauen zenbatekoa 164.882,97 eurokoa da, BEZ barne, eta bertara aurkezteko epea uztailaren 10era arte egon da irekita.
Lanak, bere aldetik, “irailaren 11tik azaroaren 11ra bitartean egingo” direla zehaztu dute. Helburua argia da: aurreikusitako lanen artean “Garraitz uharteko espazio naturalaren kudeaketa hobetzea eta paisaia suspertzea” izango da, natura, kultura eta alderdi estetikotik, “Lekeitioko Paisaiaren Ekintza Planari erantzuteko”. Bestalde, irlan dauden “eremu ezberdinetako aztarnak eta egiturak egonkortzea” ahalbidetuko da. Izan ere, azken udetan egindako indusketek gainera, urte luzez estalita zeuden arrastoak bistaratu dituzte, “horma eta aztarna berriak aurkituz”. Hau kontutan izanda, eta itsas ondarearen funtsezko pieza hau berreskuratzeko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak Garraitzeko parke historiko-naturala: Garraitzeko eremu erlijioso-militarraren egonkortzea proiektua idatzi zuen, agertu diren aztarnak ongi berreskuratzeko.
Argitaratu berri den lizitazioak Garraitz parke historiko-naturaleko multzo erlijiosomilitarra finkatzeko lanak hartzen ditu, zehazki bigarren fasea. Uhartean dauden aztarnak egonkortuko dira eta jarraitutasuna emango zaie lehenengo faseko lanei, eta, horrela, uharteko aztarna arkeologikoen integritatea egonkortuko da.
Aztarnak egonkortu eta gero, horiek hondatzea eragotziko da eta, “aztarnak bidexkaren alboan eta argi identifikatuta egonda, lortuko da bisitariak bidexkatik ibiltzea, uhartetik noraezean ibiltzea saihesteko, landare basati zaurgarriak kaltetzea edo hegaztien bizitza oztopatu ez dezaten”.
Kudeaketa
Bada, kontratuaren xedea da Garraitz uharteko naturgunearen kudeaketa hobetzea, baliabide natural hori kontserbatze aldera. Uhartea Lekeitioko eta, oro har, euskal kostaldeko paisaia natural, kultural eta paisajistikoaren funtsezko ikonoa da. Jarduketa horren bidez, uhartearen erakargarritasun turistikoa hobetuko da, ondare arkeologikoa babestuko da eta modu jasangarrian bisitatzea sustatuko da. Bigarren faseko lanak Europar Batasunak NextGeneration funtsen bitartez egin ahal izango dira.
Lanak
Helburuak. Proiektuan aurreikusitako lanen artean bereziki bi dira nagusiak. Alde batetik, Garraitz uharteko espazio naturalaren kudeaketa hobetzea eta paisaia susper-tzea –Lekeitioko Paisaiaren Ekintza Planari erantzuteko–. Eta bestalde, uhartean dauden “eremu ezberdinetako aztarnak eta egiturak egonkortzea”.
Zenbatekoa. Lizitazioren zenbatekoa 164.882,97 eurokoa da, BEZ barne. Lanak, bere aldetik, irailaren 11tik azaroaren 11ra bitartean egongo dira martxan.