Bizkaia mailan 36 udalerritan zehaztu badituzten ere, tartean Galdakaokoa, Santurtzikoa, Arrigorrriagakoa edo Durangokoa, Busturialdea eta Lea-Artibaiko lau alkategai berretsi ditu EH Bilduren militantziak berriki. Zehazki, Bermeo, Ondarroa, Mundaka eta Muxikan alderdi subiranistaren zerrendetako lehen postuak betetzeko arduradunak hautatu dituzte. Hauek Asier Larrauri Unanue (Bermeo), Urtza Alkorta Arrizabalaga (Ondarroa), Sorne Rubio Arano (Mundaka) eta Begoña Enbeita Maguregi (Muxika) izango dira.

Bermeoko EH Bilduko arduradun nagusi dena gaur egun, Larraurik udalerriko agintea berreskuratzea izango du helburu nagusi modura maiatzerako deitutako udal hauteskundeetan. Mundakan, berriz, koalizio subiranistak lehenengoz hartu nahi du alkate makila Rubioren eskutik. Biek ala biek EAJren gehiengoa apurtzea izango dute jomuga. Bestetik, Ondarroan zein Muxikan orain dela zenbait urte hasitako bideari jarraipena eman nahi diote. Enbeitak bere postuari eutsi nahi dio; eta Alkortaren hautagaitzak oraingo legegintzaldian Zunbeltz Badialaunetak betetako papera errepikatu nahi du.