Lilibertsok iazkoan hasitako bideari tinko jarraituko dio. Eta 2021ekoan lehen edizio arrakastatsua ospatu ostean, datozen asteburuetan Argi Baltza bertsolari txapelketaren bigarren edizio bati ekingo dio. Jon Lopategi zenaren omenezko lehiak ohiko formatua izango du, gazteei behar duten plaza eskainiz, baina honeko honetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik heldutako bertsolarientzako tokia izango du.

Iazkoan "proba" moduko edizioa izan bazen ere, Lilibertsok jasotako sostenguak ekarri ditu antolatzaileek bigarren edizioa egitera. Zehazki, asteburu honetan ekingio diote Ajangizeko frontoian. Ostean, ekainak 12, Gautegiz Arteagan izango da kanporaketa. Hirugarrena eta azkena, ekainaren 19an, Mendatan izango da, frontoian. Eta azken saioa, finala, Muxikan egingo dute aurtengoan, ekainaren 26an, Urretxindorra eskolan. "Saio guztiak arratsaldeko 18:00etan izango dira", jakinarazi zuten.

"Zazpi lurraldeetatik etorriko dira" parte hartzaileak. "Euskal Herriko leku guztietako ordezkaritza bermatu dugu, baina bizkaitarrak gailen-tzen dira. Horien artean, gainera, Busturialdeko bertsolariak egoteari eman diogu garrantzia. Guk zortez bertsolari gazte asko ditugu taldean, eta aukeraketa zabala izan dugu. Iaz bertsolari batzuk aritu ziren, eta aurten beste batzuk. Mikel Retolaza da errepikatzen duen bakarra, iaz berak jantzi zuelako txapela", nabarmendu zuten antolatzaileek.