'Nirea, zurea, gurea' lelopean jarri du martxan Bilboko Udalak datorren ikasturterako hiriko auzoetan banatutako Haur eta Lehen Hezkuntzako eskoletan matrikulatzeko epea, gaurtik otsailaren 13ra arte zabalik egongo dena.

Hezkuntza Arloak kanpaina hau abiarazi du, 2 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten Bilboko 10.000 familia hiriko auzo guztietan banatutako Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan izena ematera animatzeko. "Gure eskolan itxarongo zaituztegu, zuen eskola ere badelako", adierazi du Eider Bilbao Aldayturriaga Hezkuntza Arloko zinegotzi ordezkariak.

Zinegotziak, halaber, hiriburuko ikastetxeen "kalitatea eta hurbiltasuna" azpimarratu ditu, baita hiriak eskaintzen duen hezkuntza-eskaintza publiko handia ere. Era berean, "hiriko ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-taldearen konpromisoak kalitatezko prestakuntza bermatzen du, balioetan oinarritua eta haur guztien beharretara egokitua, ikaskuntza bizigarria eta eskuragarria sustatuz".

Informazio-kanpaina

Matrikulazio-kanpainarekin batera, Hezkuntza Arloak informazio-kanpaina bat jarri du abian datorren 2026-2027 ikasturtean izena ematera animatzeko. Bilboko 10.000 familia ingururi zuzendutako kanpaina da, eta Bilboko ikastetxe publikoetan haurrak matrikulatzeko beharrezkoa den informazioa biltzen du. Gainera, Bilbon bizi diren familien aniztasuna kontuan hartuta, kanpaina zazpi hizkuntzatan egingo da: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa, errumaniera, arabiera eta txinera.

Testu guztiak "irakurketa errazean" egin dira. Horrela, QR kode baten bidez, barrutiz barrutiko hezkuntza-baliabide guztiak eskura daitezke. "Nirea, zurea, gurea" kanpaina ikusgai dago markesinetan eta Bilbobuseko 10 lineatan, baita ikastetxeetan eta udaltegietan ere. Otsailaren 13an eskaerak aurkezteko epea amaitu arte iraungo du kanpaina honek, eta 2 eta 6 urte bitarteko adingabeak dituzten familiei zuzenduta dago, baldin eta Bilbok dituen Haur eta Lehen Hezkuntzako 30 ikastetxe publikoetako batean seme-alabak inskribatu nahi badituzte hiriko auzo guztietan banatuta.