Datorren astelehenean, urtarrilaren 5ean, milaka eta milaka pertsona bilduko dira Bilboko kaleetan Errege Magoen kabalgata ikusteko. Hori dela eta, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak, Bizi Kalitatearen sailak eta Segurtasun sailak indarrak batu dituzte segurtasuna bermatuko duen operatibo berezi bat diseinatzeko.
Endredoak 17:30etik aurrera sortuko dira zirkulazioan, batez ere Kale Nagusiaren inguruetako kaleetan; hortaz, arratsaldean Bilbora etorri nahi duten pertsonei gomendatzen zaie garraio publikoa erabiltzeko (ahal dela, trena edo metroa).
Oinezkoen joan-etorrietan eta Bilbobusen eta Bizkaibusen linea gehienetan –ibilbideetan nahiz geralekuetan– aldaketak egingo dira.
Bestalde, Segurtasun Sailak dispositibo berezi bat antolatu du egun horretarako. Udaltzaingoaren ardura izango da zirkulazioa zuzentzea ekitaldia ospatzen den bitartean, eta Erregeen Kabalgata jagon eta babestea ere bai, udaletxerainoko ibilbidean.
Gainera, Gabonetako kanpainan, eta bereziki urtarrilaren 5ean eta bestelako egun aipagarrietan, Ertzaintzarekin baterako dispositibo bat antolatu da, non agenteek zaintza- eta kontrol-lanak egiten baitituzte jendetza pilatzen den lekuetan delituak prebenitzeko. Patruilak ibiliko dira uri erdialdean eta merkataritza-eremuetan, bereziki Kale Nagusiaren ondoko kaleetan eta Areatzan; han, jendetza handia izango dela espero da, Erregeen Kabalgata ikustera eta Gabonetako erosketak egitera etorrita.
Kaleak zirkulaziorako ixtea apurka-apurka
Desfilea 18:00etan abiatuko da Kale Nagusiaren eta Maria Diaz Harokoaren kalearen arteko bidegurutzean, eta Moyua plazatik, Kale Nagusiaren behealdetik eta Plaza Biribiletik igaro eta gero, Buenos Aires kaletik joango da. Ibilbidearen amaiera udaletxearen aurrean izango da.
17:30etik 20:30era bitartean, gutxi gorabehera, Erregeen Kabalgataren ibilbideko kaleak eta zeharka datozenak itxiko dira, apurka-apurka. Karrozak pasatu ahala, zirkulaziorako zabaltzen joango dira kale horiek.
Aldi batean itxita egongo diren bideak
- Hurtado Amézaga kalea, Bertendona kalearen parean; hain zuzen ere, bigarren horretara bideratuko dira ibilgailu partikularrak. Garraio publikoa Ayala kalera bideratuko da, eta haren noranzkoa aldatu egingo da behin-behinean.
- Erribera kalea, Mesedeetako zubiaren parean. Handik bideratuko dituzte ibilgailuak, eremu horretan udaletxerantz abiatzen diren Bilbobuseko lineak izan ezik.
- Udaletxearen inguruan ibilgailuen zirkulazioa etengo da Ernesto Erkoreka plazan eta Campo Volantín pasealekuan, Ernesto Erkoreka plazaren eta Tiboli kalearen artean.
Itsasadarraren eskuineko aldetik datozen gidariek Kale Nagusira joan nahi badute, gomendatzen zaie ez joateko Deustuko, Salbeko eta udaletxeko zubietatik zehar. Trafikoa geratu eta ibilgailuak pilatu ez daitezen, gomendatzen da Euskalduna zubitik zirkulatzea.
Garraio publikoa
Desfileak Bilbobusen linea gehienei eragingo die, eta ibilbidea aldatu beharko dute, edo abiaburua. Segizioak uzten duen heinean, apurka-apurka ohiko zerbitzuak ematen hasiko dira, ohiko ibilbide eta ordutegiekin.
Zer desbideratze izango diren eta zer geraleku aldatu eta kenduko diren behar bezala jakinaraziko da ohiko bideetatik: 010 telefonoa, aplikazioa, sare sozialak, informazio-panelak, markesinak...
Bizkaibusen eta tranbiaren zenbait lineak ere jasango dute ibilbide-aldaketa Errege Kabalgatarengatik.
Garbiketako dispositiboa
Bilboko Udalak garbiketako operatibo berezi bat ezarriko du, 35 langilek eta 46 bitarteko teknikok osatua; orotara, 13 espaloi-garbigailu, 3 pickup ibilgailu, ekortzeko 8 motogurdi, 10 haize-makina eta makina biltzaile bat atzealdean zamatzen duena.
Iaz bezala, aurten ere ontzietarako 20 edukiontzi ipiniko dira, eta papera eta kartoia biltzeko 20 edukiontzi, eta hondakinak biltzeko gailu bat bi konpartimentutakoa, ibilbidean dauden paperontzien osagarri, hartara ontziak, papera eta kartoia bereizita jasotzeko.
Talde horren ardura izango da Errege Kabalgataren ibilbideko kaleek ohiko itxura garbia berreskuratzea karrozak igaro ostean.