Bilboko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak BioArtigas sozietate publikoaren kapital-gehikuntza onartuko dute datorren ostegunean, abenduaren 18an, osoko bilkuran. Sozietate horrek Udalaren eta Euskal Erakundearen partaidetza du % 50ean. Horrekin, aurrera jarraituko dute jasangarritasunarekiko konpromisoan.

Guztira 10,67 milioi eurokoa den gehikuntza horren bitartez, BioArtigasek baliabide gehiago izango ditu hirian energia berriztagarriko proiektuak garatzeko eta martxan jartzeko. Eragiketa horren barruan, Udalak diruzkoa ez den ekarpena egingo du Zorrotzaurre uhartean egindako geotermia-azpiegituretan, eta EEEk, berriz, diru-ekarpen baliokidea.

Erabakia eredu energetiko eraginkorrago, berriztagarri eta deskarbonizatuago baterantz aurrera egiteko udal-estrategiaren barruan sartzen da. Azken urteotan, Udalak hainbat ekimen abiarazi ditu legearen betebeharrak betetzeko, hala nola Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea sortzea, Jarduketa Energetikoaren Plana onartzea, kontsumoaren urteko inbentarioak prestatzea eta udalaren eraikin eta instalazioetan energia-auditoretzak egitea.

Era berean, Energiaren Euskal Erakundeak ekimen horretan parte hartzea Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legean ezarritako deskarbonizazio-helburuen barruan sartzen da. Lege horren helburu nagusia da 2050ean neutraltasun energetikoa lortzea. Horretarako, ezartzen du ezen, bere eta hirugarrenen jarduketen bidez, gutxienez % 12 aurreztuko dela energiaren azken kontsumoan 2030erako, eta % 27a 2050erako. Gainera, nabarmen handituko da iturri berriztagarrien parte-hartzea 2030ean, % 32raino.

Testuinguru horretan, Zorrotzaurreko uhartea energia-berrikuntzarako eremu estrategiko bihurtu da. Udalak geotermia bidezko klimatizazioko hiri-sareak egin ditu, besteak beste Beta 1 eta Beta 2 eraikinen instalazioetan –2022tik daude martxan–, eta ATELIER proiektu europarraren erakuslearen parte da, energetikoki positiboa den barruti bat sortzeko helburuarekin.

Kapital-zabalkuntza honekin, bi entitateek indartu egiten dute eredu energetiko efizienteago, lehiakorrago eta jasangarriago baten aldeko apustua, eta BioArtigasi –BilboEner marka komertzialaren pean– beharrezko bitartekoak ematen dizkiote hirian trantsizio energetikoa gidatzen jarraitzeko.