Urtero bezala, Bilboko Udaltzaingoak kontrolak indartuko ditu Gabon hauetan. Gaur bertan, abenduaren 15ean, hasiko da Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan antolatutako prebentzio-kanpaina, eta urtarrilaren 5era arte iraungo du. Egun horietan, uriko jende gehien dabilen errepideetan kontrola eta zaintza areagotuko da. Egunero hiru kontrol egingo dira –goizez, arratsaldez eta gauez–, gidatzean arriskurik handiena eragiten duten jokabideak prebenitzeko.

Izan ere, gidatzean alkohola eta drogak kontsumitzea, oraindik ere, istripu larrienen faktore edo eragile nagusietako bat da. Substantzia horiek gidarien koordinazioari, erreakzio-denborari eta erabakitzeko gaitasunari eragiten diete, eta istripu-arriskuak biderkatzen dituzte. Era berean, gehiegizko abiadurak istripuen larritasuna areagotzen du eta ezustekoen aurrean erreakzionatzeko aukera murrizten du.

Horregatik, Gabonetako ospakizunen aurretik eta ospakizunetan zehar ibilgailu pribatuan joan-etorri ugari egiten direnez, eta herritarrak (gidariak zein oinezkoak) babestekoudaltzaingoak kontrolak areagotuko ditu hiriko puntu estrategikoetan, batez ere jai-giroko gauetan eta zirkulazio-bide nagusietan joan-etorri gehien dauden eremuetan.   Agenteek alkoholemia-probak eta drogak detektatzeko probak egingo dituzte, eta abiadura radar mugikorren bidez zainduko dute.

Kanpaina hau aktibo egongo da Gabon jaien denboraldi guztian zehar, heziketa- eta prebentzio-lana indartzeko, eta herriko errepideetan jai seguruagoak bermatzeko.

Kontrolak eta alkoholemiak 2024an

2024an, Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren 157 prebentzio-kontrol egin zituen urteko zenbait asteburutan, eta sarriago Aste Nagusian eta Gabonetan.

Kontrol horietan, 1.993 proba egin ziren guztira (1.778 alkohol-proba eta 215 droga-proba). Emaitza: 45 positibo alkohol-probetan (horietako 34k ondorio administratiboak izan zituzten eta 11k ondorio penalak) eta 14 positibo droga-probetan (ondorio administratiboak izan zituzten denek).

Gainera, iaz, Istripuak Ikertzeko Ikuskaritzak 518 atestatu bidali zituen epaitegietara. Horietatik, 325 ustez bide-segurtasunaren aurkako delituak izan ziren, trafiko-istripurik gabe; eta 193 bide-segurtasunaren aurkako delituak eta/edo zuhurtziagabekeriazko lesioak izan ziren, trafiko-istripuarekin.

Horren guztiaren ondorioz, honako hauek ikertu ziren:

  • 376 pertsona alkoholaren eta/edo drogen eraginpean gidatzeagatik edo botatako arnasan 0,60 mg/l-ko tasa gainditzeagatik.        
  • 102 pertsona gidabaimenarekin lotutako delituengatik (epai judizial bidez erretiratutako gidabaimena, inoiz gidabaimenik izan ez dutelako edo puntu guztiak galdu dituztelako...)         
  • 17 pertsona ausarkeriaz gidatzearen delituagatik.  
  • Eta 49 pertsona zuhurtziagabekeriaz egindako lesioen delitu batengatik.

Era berean, 103 gidari atxilotu eta/edo inputatu dituzte, istripuetan parte hartzeagatik eta alkoholean/drogan positibo emateagatik.

Radar-zehapenak

Bilbon zenbait radar finko eta radardun ibilgailu bat daude, hiri barruan abiadura kontrolatzeko.

Iaz, Udaltzaingoak 16.711 ibilgailu salatu zituen gehiegizko abiaduragatik –guztira 717.094 kontrolatu ziren–. Hau da, arau-hausleak % 2,66 izan ziren.