Bilboko Kirikiño ikastolak omenaldi eta bazkari berezia egingo die ikastolaren kooperatibista ez-erabiltzaileei larunbatean, azaroaren 15ean, Ibilaldia 2026 ospatzeko prestatzen ari diren aurretiko ekitaldien baitan.

Kirikiño ikastolatik jakinarazi dutenez, omenaldiaren testigantza gisa, ikastolako erreferente izan diren Josu Meabe eta Begoña Bengoa izan dira astearte honetan ikastolan, euren esperientzia eta bizipenak partekatzeko. Biak ikastolaren hastapenetako protagonista izan ziren, eta belaunaldi berrientzat eredugarri dira, hezkuntzaren eta euskararen alde egindako lan nekaezinagatik.

Ekimenaren helburua da ikastolaren komunitatearen parte izan diren bazkide historikoei eta euren partaidetza seme-alabei laga dietenei aitortza eta esker ona adieraztea, urte luzez erakutsitako konpromisoa eta ilusioa eskertuz.

"Kirikiño Ikastolak nabarmendu nahi du urte hauetan guztietan egindako lana eta ekarpena, ikastolaren proiektuaren oinarriak sendotzen lagundu baitute. Ibilaldia 2026 prestatzen ari diren honetan, omenaldi hau aukera paregabea izango da ikastolaren sustraiak gogoratzeko eta etorkizunari begira komunitatea indartzeko", adierazi dute.

Bada, aurreskua eta Kirikiño ikastolako koroaren emanaldia izango dira larunbatean Gabriel Aresti eraikinean. Ondoren, bazkaria 14:30ean egingo da ikastolan bertan, giro goxo, hurbil eta parte hartzailean. Bazkalostean, euskal kantek eta musikak hartuko dute protagonismoa, belaunaldien arteko topagune bihurtuz.

Ekitaldia izango da Kirikiño ikastolak Ibilaldia 2026ren harira prestatzen ari den hainbat aurreko jardueren artean beste pauso bat, “motorrak berotzen” jarraitzeko eta gure sustraietatik abiatuta etorkizun euskaldun eta komunitarioari begira jartzeko.