Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak zenbait intsektuk eragindako eragozpenei aurre egiteko gomendioak zabaldu ditu

Kanpainaren helburua intsektuek herritarren bizi-kalitatean eraginik ez izatea da

Bilboko Udalak zenbait intsektuk eragindako eragozpenei aurre egiteko gomendioak zabaldu dituB. U.

Uda garaian inguruko intsektuek eragindako eragozpenak saihesteko eta murrizteko hainbat gomendio zabaldu berri ditu Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo sailaren bitartez. Horren helburua herritarren bizi-kalitatean eraginik ez izatea da.

Animalia txiki horietako gehienek ez dute eraginik jendearen osasunean, baina eragozpen izan daitezke, han eta hemen. Eragozpen horiek izurritearen beraren (batez ere, intsektuen kopuruaren eta tamainaren) eta intsektuok dauden lekuen eta denboraren araberakoak dira.

Hala ere, badago beste baldintzatzaile bat, eragozpen horiek handiagoak izatea edo kontrolatu ezin izatea ekar dezakeena: batetik, intsektu horiei buruzko ezagutza, eta, bestetik, herritar gisa gure etxeetan eta auzoetan intsektuoi lotutako arazoak mugatzeko har ditzakegun neurrien ezagutza.

Badira bi intsektu-espezie nahiko ohikoak gure inguruan deserosotasunak ekar ditzaketenak (nahiz eta ez izan arriskutsuak osasunerako). Eragin ditzaketen eragozpenak saihesteko edo murrizteko, komeni da oinarrizko gomendio batzuei jarraitzea:

Eltxo tigrea

Bilboko Udalak, EAEko beste udal batzuekin batera, Neikerrekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera, espezie inbaditzaile horren kontrolean parte hartzen du.

Non egoten da eta zer ondorio eragiten ditu?

Dengea, Chikungunya birusaren gaixotasuna eta Zika birusa transmititzeko gaitasuna duen intsektu bat da. Duela gutxi agertu da intsektu hori Bilbon eta inguruko beste udalerri batzuetan, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian. 2023ko udan hasi ziren bilbotarrak haren eragina nabaritzen. Egunez ibiltzen da eta asko ziztatzen du; horregatik, eragina izan dezake herritarren jardueran eta bizi-kalitatean.

Eltxo horren ziztadak oso gogaikarriak dira, eta, batzuetan, azkura eta mina eragiten dituzte. Ziztada nabariago eta mingarriago egiten da denborak aurrera egin ahala. Baliteke pertsona batzuek ziztadari erreakzio alergikoa izatea.

Hartu beharreko neurriak

Gaixotasun horien aurkako txertorik eta tratamendu espezifikorik ez dagoenez, garrantzitsua da eltxoarekiko kontaktua saihestea edo minimizatzea. Eltxo tigreen haztegi-fokuen % 70 baino gehiago etxeetan eta bestelako eremu partikularretan egoten da, hala nola baratzeetan. Beraz, beharrezkoa da prebentzio-neurriak ezartzea.

Eltxo tigreek euri-urez betetzen diren eta ur hori egun batzuetan gordetzen duten toki txikiak bilatzen dituzte arrautzak jartzeko; beraz, prebentzio-neurri nagusia ur-metaketak ezabatzea da. Aldian-aldian, ura pilatu dezaketen ontziak eta tresnak aztertu behar dira. Hauek zehazki:

  • Aire zabalean dauden objektuak (loreontzien azpiko platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.) astean behin edo bitan hustu behar dira, gutxienez.
  • Animalien edontzietako ura bi edo hiru egunean behin berriztu behar da.
  • Astean behin, gutxienez, ura bota behar da hustubideetan eta drainatze-guneetan; ur beroa bada, hainbat hobe.
  • Teilatu-hodietako ura astero kendu behar da.
  • Putzuak eta igerilekuak estali egin behar dira erabiltzen ez diren bitartean, eta, horretarako, ura pilatzea eragozten duen olana bat erabili behar da.
  • Zuhaitzen eta hormen putzuetan eta zuloetan urik pilatu ez dadin saiatu behar gara, putzu eta zulo horiek lurrez edo harriz estalita.
  • Ureztatzeko sistemak berrikusi behar dira, putzurik sortu ez dadin.

Bestalde, ziztadarik ez izateko, hauek gomendatzen dira:

  • Intsektu horren aurkako intsektizidak eta uxagarriak aplikatzea, fabrikatzailearen argibideei jarraituz.
  • Leihoetan eltxo-sareak jartzea.
  • Larruazala estaltzen duen arropa erabiltzea etxetik kanpo.
  • Higiene pertsonal ona izatea, izerdiak eta usain fuerteek eltxoak erakartzen baitituzte.

Bestalde, herritarrek tigre-eltxoa identifikatzen lagun dezakete Mosquito Alert aplikazioaren bidez.

Kaparrak

Non egoten da eta zer ondorio eragiten ditu?

Gero eta jende gehiago egoten da naturaguneetan, eta halako ornogabeak gero eta ohikoagoak dira hiriguneetan (parke eta lorategietan, esate baterako), eta horrek arriskua areagotzen du.

Ziztadek molestiak eragin ditzakete, baina, horrez gainera, arriskutsuak izan daitezke, zenbait gaixotasun transmiti baitezakete, Lyme gaixotasuna esaterako.

Basa-animalientzat sarbidea duten landaretza ugariko hiriko berdeguneak habitat natural egokia dira kaparrentzat. Akaroak direnez, kontaktu bidez baino ezin dira gure gorputzera pasatu.

Hartu beharreko neurriak

Ohiko babes- eta zaintza-neurriak hartu behar dira landa eta mendiko irteeretan, larruazalari ez itsasteko eta ziztadak prebenitzeko.

  • Mahuka luzea eta praka luzeak janztea.
  • Zapata itxiak erabiltzea.
  • Baimendutako uxagarriak erabiltzea, fabrikatzailearen argibideei jarraituz.
  • Ibilaldien ondoren, arropa eta gorputza ikuskatzea.
  • Etxeko animaliak arakatzea eta babestea.

Animalia horietako asko Bilbo bera baino lehenago zeuden hemen, eta, hiria hazten joan den heinean, gure habitatera gehitu dira. Beste espezie batzuk, ordea, duela gutxira arte ezohikoak ziren gurean, eta salgaien trafikoa eta pertsonen bidaiak areagotzearen ondorioz agertu dira. Gurera iritsi dira eta gure ingurunera egokitu dira. Bestalde, azken neguak epelak izan dira (ohi baino tenperatura altuagoak eta denbora luzeagoz), eta horrek intsektu horiek garatzea errazten du.