Datorren igandean, ekainaren 15ean, ospatuko den Hiribildiaren Fundazioaren 725. urteurrena dela eta, Bilboko Udalak ekitaldi berezia antolatu du gaur. Bada, udaletxeko Arabiar Aretoak Bilbao Bilbao abizenak dituzten 26 pertsona jaso ditu.
Ideia iaz sortu zen, hain urteurren garrantzitsua laster iritsiko zela ikusita. Juan Mari Aburto alkateak berak iradoki zuen kolektibo berezi horri deialdia egitea, “ideia hori abian jarri zen baina ez da uste bezain erraza izan”.
Hainbat hilabetez hor eta hemen kontsultak egin ondoren, 28 pertsona horiek biltzea lortu dugu. Pertsona horiek hainbat baldintza bete behar zituzten: hirian erroldatuta egotea eta Bilbao izatea lehen eta bigarren abizena. Horietatik bakarra ez dago une honetan hirian erroldatuta, baina Bilbon jaio zen, berak harro aitortzen duen bezala, eta Udaleko funtzionarioa da. "Arrazoi pisutsua", alkateak berak aitortzen duen bezala, "talde berezi honetan eskubide osoz sartu ahal izateko modukoa".
Ikerketa berezi horrek bitxikeria batzuk utzi dizkigu. Adin-tartea 6 urtetik 93 urtera bitartekoa; bikiak ere badira, Jon Peru eta Joseba Luken.
Horiek guztiak protagonista izan dira alkateak eta udalbatzako kideek Bilboko 725. urteurrena dela eta egin dieten harrera ofizialean. Diego López de Haro Hiribilduaren sortzailearen figura bana jaso dute opari gisa.
Bilbao Bilbao abizenekoen zerrenda irekita dago oraindik, hain abizen ospetsua izan arren aurkitu ezin izan ditugun guztientzat.
Urteurreneko ospakizunak
Beti bezala, hiriaren fundazioa gomutatzeko hainbat ekitaldi egingo dira, hala nola Gau Zuria. Gau Zuria aste honetan, larunbatean eta igandean, egingo da, arte- eta argi-sorkuntzekin.
Era berean, bandera altxatzeko ekitaldia eta udal-korporazio osoaren desfilea egingo dira, dantzariekin eta txistulariekin batera, Don Diegoren estaturaino; han, lore-eskaintza egingo diote. Ekitaldi horiek domekan, ekainak 15, egingo dira, hiribildua sortu zeneko egunean. Hiritar guztiak gonbidatuta daude. Baita "Bilbao Bilbao" deitura dutenak ere.