Egun hauetan Londresen ospatzen den 'Concordia Europe Summit 2025' goi-bilera ospetsuan hartuko du parte Bilboko Udalak. Bertan da ordezkari moduan Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Eider Inunciaga.

Bilera honekpolitikako, enpresa-munduko eta gizarte zibileko liderrak biltzen ditu, testuinguru global aldakor honetan Europak aurre egin behar dien funtsezko erronkei buruz eztabaidatzeko eta konponbideak proposatzeko.

Concordiak antolatzen du Summit hau. Dagoeneko lankidetza publiko-pribatua bultzatzen duen erreferentziazko plataforma gisa finkatu da, erronka global handiei ikuspegi estrategiko eta multisektorial batetik aurre egiteko. Europako edizioan, foroak diplomazian, jasangarritasunean, nazioarteko merkataritzan, emakumeen lidergoan eta berrikuntza teknologikoan jartzen du fokua.

'Concordia Europe Summit 2025' ekimenak Europako eremu politiko, ekonomiko eta instituzionaleko pertsona nabarmenak bilduko ditu osoko bilkuretan, gaikako paneletan eta goi-mailako lan-topaketetan. Jorratuko diren funtsezko gaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: europar diplomazia tentsio geopolitikoen testuinguruan; Europak krisialdiaren osteko ekonomia globalean duen papera; bidezko trantsizio energetikoranzko aurrerapenak; emakumeen lidergoa indartzea erabakiak hartzean; eta adimen artifizialak lanean eta demokrazian duen eragina.

Eider Inunciaga zinegotziak lan-bazkari batean parte hartuko du, nazioarteko merkataritzak ingurune global aldakor batean daukan etorkizunean zentratua, non Europaren lehiakortasuna eta erresilientzia ekonomikoa indartzeko estrategiak eztabaidatuko diren. Hiriek tokiko ekonomia sendo eta globalki konektatuen eraikuntzan duten zereginari buruzko ikuspegia partekatuko du Inunciagak. Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030eko Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak emakumeen lidergoari buruzko gosari batean parte hartuko du. Gosari horretan diplomazian, politikan eta pentsamendu estrategikoan eragina duten emakumeak bilduko dira, Europak botere bigunaren bidez gobernantza globalean duen zeregina nola indartu dezakeen aztertzeko. Inunciagak Bilboren esperientzia partekatuko du, hiri-diplomaziaren eta nazioarteko lankidetzaren eredu den aldetik.

"Bilbo foro honetan egoteak indartu egiten du Garapen Jasangarrirako Helburuekin, multilateralismoarekin eta lidergo inklusiboarekin gure hiriak duen konpromisoa, bai eta hiria eragile aktibo gisa proiektatzea Europaren etorkizunari buruzko elkarrizketa handietan", adierazi du Eider Inunciaga zinegotziak.