Síguenos en redes sociales:

Bere ondarea babesteko bultzada eman du Bilboko Udalak

Bilbok, gaur egun, 1.235 eraikin edo elementu babestu dauzka

Bere ondarea babesteko bultzada eman du Bilboko UdalakB. U.

Bilboko Udalak 244.200 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Hirigintza eta Arkeologia Ondarea Babesteko Plan Berezia idazteko eta izapidetzeko. Dagoeneko hasi ditu zerbitzuak kontratatzeko izapideak, eta uste da dokumentua 2027an zehar egon daitekeela prest behin betiko onesteko, administrazio sektorialek dagozkien txostenak egiteko behar duten denboraren arabera.

Kontratu hori orain hasten da, zerbitzu horien lizitazioarekin, eta planaren behin betiko onespenarekin amaituko da, herritarrek parte hartzeko programa barne.

Hirigintza eta Arkeologia Ondarea Babesteko Plan Berezia funtsezko tresna izango da hiriko ondare garrantzitsua babesteko, kudeatzeko eta haren garrantzia azpimarratzeko.

Zehazki, Bilbok, gaur egun, 1.235 eraikin edo elementu babestu dauzka, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota dagoen moduan. Horietatik 44k babes-maila handiena dute, A babes berezia; 122 B maila daukate; 334k C maila daukate; eta 585ek D maila daukate (hor sartzen dira D-1, tokiko intereseko kultura-ondasunak eta D-2, tokiko intereseko industria-eraikinak).

Era berean, hiriak 23 hiri-multzo homogeneo, 67 hiri-elementu eta babes arkeologikoko 34 eremu dauzka; gainera, 244 begiratoki eta hegal babestu eta katalogatutako zazpi barne-lokal ditu.

Eremua eta ezaugarriak

Jarduketa hori indarrean dagoen Bilboko 2022ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren araudian jasotako aurreikuspenen barruan sartzen da.

Plan Bereziaren eremua Bilboko udalerri osoa izango da, Zazpikaleak eta Bilbo Zaharra izan ezik, horiek araudi propio eta espezifikoak baitauzkate.

Plan Bereziaren abiapuntua izango da orain arte eskuragarri dagoen dokumentazioa aztertzea, Bilboko 2022ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako babesa eta haren aplikazioa: Gero dokumentu bat egingo da horrelako plan baten berezko edukiarekin (memoria, arauak, planoak, eraikin edo babestu beharreko elementu bakoitzeko fitxak, eta abar).  

Bilboko gune batzuk arkitekturagatik nabarmentzen dira eta arreta berezia merezi dute kale eta espazio batzuen ingurumen- eta paisaia-balioaren aintzatespenari dagokionez, adibidez San Ignazio eta Zabalgunea. Zabalgunean, bereziki, hiriko eraikin berezienetako asko biltzen dira, estilo eta joera arkitektoniko desberdinetakoak. Izan ere, katalogatutako eraikin, hiri-espazio eta monumentu-ondareko beste elementu esanguratsu asko eremu horretan daude.

Hori dela eta, eta berrikuntza gisa, etorkizuneko Plan Berezian Zabalguneko espazioen babesari buruzko gogoeta bat egitea proposatzen da; gune horren mugak dira Sabino Arana, Autonomia, Hurtado de Amezaga, Nafarroa, Erripa kaiak, Uribitarte, Evaristo Churruca kaleak eta beste batzuk, Jesusen Bihotza plazaraino (187 hektarea).

Ildo horretan, eta beste gai batzuen artean, Udalak multzo horren arauak hobeto definitzea planteatzen du, arreta berezia jarriz etxadien izkinetan (alakak), funtsezkoak baitira Zabalgunearen irudian.

Antolamenduko gidalerro eta irizpide orokorrak ezarri nahi dira, espazio hori osatzen duten eta banaka babestu gabe dauden eraikinetako jarduketei erantzuteko; izan ere, eraikin horietako batzuk babestuta daudenen artean tartekatuta daude. Gero, egoki bada, lurpeko garajeetarako sarreren, alaken eta abarren tratamendua zein den erabakiko da.

Faseak eta giza taldea

Lanaren hasieran gaur egungo katalogoa berrikusi eta aztertuko da; ondoren, herritarrek parte hartzeko programaren lehen ekintzak egingo dira eta babestu beharreko ondasunen fitxak egingo dira, barrutika zerrendatuta.

Hirugarren fasean hasierako onespenaren dokumentua idatziko da, ingurumen-dokumentu estrategikoa barne, eta horren guztiaren berri emango zaio Ondare Batzordeari eta Udal Plangintzako Aholku Batzordeari.

Testu hori hasieran onetsiko da, eta administrazio sektorialei bidaliko zaie, txostenak egin ditzaten, eta jendaurrean jarriko da.

Alegazioak baloratu eta txosten sektorial guztiak jaso ondoren, dokumentua behin betiko onetsiko da.

Gainera, lizitazioan parte hartu nahi duten taldeek profil profesional hauek izan beharko dituzte, gutxienez (nahiz eta beste profil batzuen presentzia puntuatuko den, hala nola historian edo herritarren partaidetzan aditua den batena):

  • Hiri-plangintza eta -antolamenduko aditua.
  • Zuzenbideko aditua.
  • Arkeologiako aditua.

Herritarrek parte hartzeko programa

Hirigintza eta Arkeologia Ondarea Babesteko Plan Bereziaren idazketari lotutako Herritarren Partaidetzarako Programak hauen esku-hartzea aurreikusten du:

  • Elkarteetan ez dauden herritarrak.
  • Elkarteen sarea.
  • Eragile publikoak.
  • Eragile pribatuak.
  • Gaian adituak direnak.

Informazio- edo prestakuntza-ekintzak aurreikusten dira, adibidez hitzaldiak, parte hartzeko tailerrak, elkarrizketa pertsonalak eta taldekoak, erakusketak eta abar, bai eta kontsulta-ekintzak eta emaitzak itzultzeko ekintzak ere, gaur egungo katalogoa berrikusteko lehen fasetik alegazioak jasotzeko azken-aurreko fasera arte