Ostiral honetan goizean, Bilboko ekonomia zirkularraren aktibazioan oinarritutako lan-jardunaldi batean hartu dute parte Hamabost bat eragile publiko eta pribatuk (gizarte-ekonomiaren ekimenak, lanbide-heziketako ordezkariek, unibertsitateak, ingurumen-aholkularitzek eta administrazio publikoek). Eragile horiek hiriko sare ekonomikoaren zirkulartasunaren kudeaketan inplikatuta daude.

Zabalgune eraikinean egin da lan-saioa, Bilbao Ekintza udal-sozietateak bultzatuta, eta baliabide materialen erabilera eta kontsumoa efizientziaz eta arduraz kudeatzea izan du helburu; zehazki, tresna elektriko eta elektronikoak berrerabiltzea eta konpontzea, funtsezko esparrua baita ekonomia zirkularrean. Konponketak aurrezpena eta kontsumo arduratsua sustatzen ditu enpresetan eta kontsumitzaileengan, produktuen bizitza baliagarria luzatzen baitu; tokiko ekonomia jasangarria sortzen du, enplegu egonkorra sortzen du eta hiria prestatzen du etorkizuneko ingurumen- eta ekonomia-erronketara egokitzeko.

Jardunaldian, salgaiak konpontzeko eskubidearen Europako esparru berria, Ekodiseinuaren Erregelamendua eta lege-testuinguru berri horretan sortzen ari diren negozio-ereduak ezagutarazi ditu Olga Martínez ACLIMAko (Ingurumenaren Euskal Klusterra) zuzendariak. Gainera, Rosal Gilek (EMAUS Bilbao) eta David Lópezek (Koopera Emaus ABEE – Araba) konponketaren arloko ekimenak aurkeztu dituzte, eta, horri esker, zuzenean ezagutu ahal izan dute laneratzeko enpresek ekonomia zirkularraren eremuan daukaten zeregina.

Topaketa parte-hartze bidezko dinamika interesgarri batekin amaitu da. Bertan, bildutako eragile guztiek sinergiak sortu dituzte ekonomia zirkularraren esparruan lankidetza-proiektu estrategikoak proposatzekoaparatu elektriko eta elektronikoak konpontzeari eta berrerabiltzeari begira.

Bilboko konponketaren ekonomiari buruzko lan-jardunaldiaren helburu nagusia profesionalen artean hausnarketa egitea izan da, gai hauen inguruan: gure hiriko konponketaren eta berrerabileraren jarduera ekonomikoen aktibazioa, Bilbok horiek lortzeko dauzkan desafioak, eta desafio horiei arrakastaz aurre egiteko lankidetzan abian jar daitezkeen ekimen eta proiektu motak.

Bide-orria

Berrerabilera, hondakinen minimizazioa eta baliabideen berroneratzea lehenetsiko dituen eredu ekonomiko bateranzko trantsizioa Bilboko Udalaren apustua da. Ekonomia zirkularraren printzipio horiek erabiltzean, Bilbok bere ekoizpen- eta kontsumo-sistemak eraldatzeko bidean jarraitzen du eta onura ekonomiko, sozial eta ingurumeneko onura handiak sortzen ditu. "Adibidez", adierazi dutenez, "ekintzailetza eta enpleguaren eta profil profesional berriak sortzea, Bilbori hiri- eta enpresa-kudeaketako eredu berri hori bultzatzeko baliabideak emango dizkioten hiri-azpiegiturak aktibatzea, eta trantsizio hirukoitzari (ekonomikoa, soziala eta ekologikoa) arrakastaz aurre egiteko teknologia berriak eta jarduteko modu berriak behar dituzten sektore berrien berrikuntza".

Bilbao Ekintzaren Ekonomia Zirkularraren Bide Orrian azpimarratzen den moduan, bide horretan lan egitea "funtsezkoa da Bilboko sustapen ekonomikoaren etorkizun jasangarriago eta erresilienteago baten oinarriak ezartzen laguntzeko".

Horrek guztiak Bilboko Udalak Balioen Hiri gisa daukan konpromisoari erantzuten dio, 2030 AgendarenEuropako Itun Berdearen eta Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030aren ildotik.