Guztiok gara festa, Txupinazo, Camino a Bilbao, Prende la mecha, Jai lasaia eta Cara dira epaimahaiak aukeratutako Aste Nagusiko kartel lehiaketaren sei finalistak. Guztira 222 proposamen aurkeztu dira, 119 diseinu grafikoaren alorreko profesionalek eginak eta 103 amateurrek. Proposamen horietatik, 72 bilbotarrek egiten dituzte, beste 72 Euskadiko beste lekuetatik heldu dira, 59 Estatutik eta gainerako 19ak beste herrialde batzuetatik.

Kartelen lehenengo hautaketa honako Epaimahai honek egin du: Itziar Urtasun, Jaietako Batzorde Mistoaren presidentea eta Berdintasuneko eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Garazi Perea zinegotziak; Rekalde Aretoaren zuzendaria, Alicia Fernández; Bilbao Arteko Alberto Salcedo; Alde Zaharreko Merkatari Elkarteko arduraduna, Susana AlagueroAndoni Calvo kazetaria; eta Bilboko Konpartsen ordezkari bat. Aurtengo edizioan, gainera, Epaimahaiak Borja Sanz-en aholkularitza izan du, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko doktorea eta aditua adimen artifizialean, baita Alba diseinatzaile eta tatuatzailearena ere, Bilbon bizi den murtziarra.

Epaimahaiaren balorazioan funtsezkoak izan dira kalitate teknikoa, originaltasuna eta aniztasun eta inklusioaren balioekiko errespetua, generoaren eta sexu-orientazioaren, jatorriaren eta kulturaren, desgaitasunaren, adinaren, klase sozialaren, gorputzaren eta antzekoen irudikapenean.

Bozketa-sistema mistoa

Herritarrek gogokoen duten kartelaren alde bozkatu ahal izango dute sistema misto baten bidez:

  • Online bozketa Bilboko Udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da, ekainaren 9tik 15era.
  • Aurrez aurreko bozketa Abandoko Udal Barrutiko Zentroan (Barrainkua kalea, 5) egingo da, ekainaren 9tik 13ra. Bertan ikusgai egongo dira kartel finalistak eta astelehenetik ostiralera parte hartu ahal izango da, 08:30etik 21:30era bitarteko ordutegian (ekainaren 13ra arte). Bozka emateko, nortasuna egiaztatzeko dokumentu bat aurkeztu beharko da, hala nola NANa, gidabaimena edo antzekoa.
  • Epaimahaia berriro elkartuko da bere kartel gogokoena hautatzeko.

Kartel irabazlea ekainaren 17an jakinaraziko da, eta Aste Nagusia 2025eko irudi ofiziala izango da. Kartelaren egileak 3.000 euroko diru-saria jasoko du.