Bilboko Udalak 3,5 milioi euro inguru bideratuko ditu uriko bi azpiegitura berezi hobetzeko eta egokitzeko. Alde batetik, Udaletxeko zubian egin beharreko jarduketetarako 2.218.240 euroko aurrekontu-partida gordeko da, eta Begoñako tuneletarako, berriz, 1.233.247 eurokoa. BEZa barne, bi kasuetan. Bi proiektuak laster onartuko dira Gobernu Batzarrean, eta ondoren lizitaziora aterako dira.
Udalak hilabeteak daramatza hirian dauden azpiegitura berezien egoera aztertzen. Guztira 108 dira: zubiak eta pasarelak, tunelak, lurpeko pasabideak... Analisi eta azterlan horien ondorioz –hasiera batean begi hutsez eginak eta geroago sakonagoak izan direnak–, hainbat premia diagnostikatu dira azpiegitura horietako batzuetan, hala nola Udaletxeko zubian eta Begoñako tuneletan.
Horregatik, proiektu bana eskatu eta prestatu da beren-beregi. Proiektuok udaleko teknikari eta arduradunen oniritzia dute, eta datozen hilabeteetan jorratuko dira.
Gaur goizean Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako Saileko zinegotziak adierazi duenez, "obrak gauzatzean lortu nahi diren helburuak berdinak dira bi proiektuetan. Alde batetik, aurretik egindako analisi eta azterlanen bidez azpiegitura horietan detektatu diren patologiak konpontzea –kontuan hartuta ez batak ez besteak ez dutela arriskurik herritarrentzat eta ez daukatela egiturazko kalte garrantzitsurik–; eta, bestetik, haien irudia hobetzea eta hiri-inguruneetan integratzea".
Udaletxeko zubia
Egitura aldetik, egoera ezin hobean dago. Berrikuspenen ondoren egindako txostenak adierazten duenez, zubi honek hobekuntzak behar ditu zenbait alderditan, hala nola bere morroiloen egoeran –haien narriadura zubi altxagarrien patologia arrunta da; adibidez, iaz Deustuko zubikoak konpondu ziren–. Morroiloak –bost guztira– ordezkatu egingo dira, nolabaiteko nasaitasuna dutelako eta oholean bibrazioak eta deformazioak eragiten dituztelako.
Morroiloak fabrikatzeko neurriak hartzeko eta ordezteko lanek ibilgailuen zirkulazioa ixtea ekarriko dute. Horregatik, gaueko ordutegian egingo dira, lanen eragina murrizteko.
Diagnostikatutako beste kalte batzuk dira metalezko altxaera-tartearen narriadura, hormigoizko egiturarena, eta estribuen barruko elementu funtzionalena edo plataformarena. Kasu horietan, hainbat konponbide jorratuko dira:
- Metalezko egitura konpontzea, puntu batzuetan kaltetuta baitago, batez ere oholaren junturetan. Lehenik eta behin, presio altuko ur-zurrusta bat botako da egitura osoan, galdutako lodierak egiaztatzeko. Zona horietan, hondatutako elementuak ordeztea eta/edo xafla edo profil berriak jartzea proiektatzen da, galdutako sekzioa berreskuratzeko. Egitura konpondu ondoren, babes-pinturaz margotuko da egitura osoa.
- Iragazgaiztea eta drainatzea: Egituran identifikatutako narriadura gehienak plataformatik datorren urak (euri-ura, garbiketakoa...) eragindakoak dira.
- Hori berriro gerta ez dadin, azpiegitura iragazgaizteko eta drainatzeko sistema hobetuko da. Soluzio bat edo bestea aukeratuko da zubiaren alde batean edo bestean: junturetan xafla asfaltiko bat erabiliko da; farolen, tranpolen eta kutxatilen inguruan –zorua altxatzeaz gain– poliuretanoa erabiliko da, hotzean; eta ohol osoan zehar hustubideak egingo dira. Jarduketa horiei esker, ganberetara ura sartzea saihestuko dugu; izan ere, ikusi dugu urez beterik daudela beti, metalezko egitura bustiz –batez ere, eskuineko ertzeko estribuan, kota baxuagoan baitago–.
- Hormigoizko egitura konpontzea; altxatu puntualak hauteman dira. Eremu horiek saneatu eta berreraiki egingo dira. Gainera, baoetako pilak eta hormigoizko lauzen beheko aldea korrosio-inhibitzaile batekin babestuko dira.
- Mantentze-lanak egiteko sarbideak hobetzea. Ganberen hezetasuna dela-eta, teknikariek zubia mantentzeko erabiltzen dituzten eskailerak, barandak eta pasabideak hondatuta daude. Aldatu egingo dira, eta aluminiozko eskailera berriak ipiniko dira, baita eskudel eta baranda berriak ere. Gainera, aurrerantzean zubia behar bezala ikuskatu eta mantendu ahal izateko, ganberen sabaian argiztapena jarri nahi da, luminaria estankoen bidez.
Zubiaren balioa nabarmentzeko, argiztapen apaingarria emango zaio, egitura metalikoari protagonismo berezia eskainiz. Hala, elementu lineal txikiak jarriko dira baranda argiztatzeko; oholaren beheko aldea, berriz, oztopo-zutoinei atxikitako argiekin argiztatuko da, eta horiek erreflexu bat sortuko dute uretan.
Hala eta guztiz ere, aurreikusita dago lan horiek –adjudikatu eta hasi ondoren– hamaika hilabetez luzatzea.
Ondarea den aldetik babestuta dagoen elementu bat denez, lizitazio-izapidearekin batera behar diren kudeaketak egingo dira, inplikatutako administrazioek txosten egokiak egin ditzaten, lanei ekin ahal izateko.
Begoñako tunelak
Berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran eta hirurogeikoaren hasieran eraikia, azpiegitura hau bi hodiz osatuta dago, hormigoizko ganga banarekin. Zenbait mantentze-lan egin dira urteotan.
Ikuskapenei eta analisi sakonei esker, Udalak, egituraren patologiak agerian jartzeaz gain, patologia horien guztien jatorria aztertu ahal izan du, etorkizunean ez errepikatzeko.
Tuneletan hautemandako kalteei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira:
- Pitzadurak: luzetarako bat iparraldeko petrilean eta beste bat hego-mendebaldeko izkinan.
- Plakazko piezak erori eta galdu dira, eta itsasteko morteroan hutsuneak daude.
- Euste-hormaren aurrealdeko alderik garaiena, hondatuta.
- Betelanetarako erabilitako materialak, gaizki trinkotuta.
- Narriadurak hareharrizko gainazalean, landaretza junturetan eta pitzadurak barrualdean.
Definitutako proiektuak amaiera ematen die patologia horiei guztiei, adjudikatu eta hasi ondoren zortzi hilabetez luzatuko diren lan batzuei esker.
Lan horiek hainbat jarduketa izango dituzte:
- Jarduketak iparraldeko aurrealdean, non petrila burukatzea eragiten duen luzetarako pitzadura bat detektatu baita. Horregatik, iparraldeko petrila kendu eta berreraiki egingo da. Era berean, gaur egun iparraldeko aurrealdeko gainazal osoa estaltzen duen sare metalikoa kenduko da, baita haren ainguraketa-elementuak eta hareharrizko piezen plakazko estaldura ere, horma berreraikitzeko –pitzadurak materialekin betez, sare elektrosoldatu bertikal bat jarriz, kofratua eginez eta hormigoi autotrinkotzailea isuriz– eta, ondoren, erretiratutako hareharrizko piezak birkokatzeko. Ura iragazi ez dadin –instalazioaren narriaduraren arrazoi nagusietako bat, hain zuzen–, eremua iragazgaiztu egingo da.
- Jarduketak gainerako aurrealdeetan. Funtsean, mortero-piezak ordeztu eta ainguratuko dira erori diren tokietan, nahiz eta, oro har, egoera onean dauden.
- Betegarriak injekzio bidez sendotzea, betegarriei trinkotasuna emateko eta etorkizunean kontserbatzeko xedez babesteko.
- Hego-mendebaldeko izkinako pitzadura zigilatzea eta injektatzea.
- Tunelaren barruko jarduketak, batez ere drainadura egokitzera bideratuak, batik bat dilatazio-junturetan gertatzen diren ur-iragazketak saihesteko. Arazo hori konpontzeko, altzairuzko kanaleta berriak jarriko dira, sistemaren estankotasuna eta iraunkortasuna hobetzeko. Gainera, luzetarako isurbide bat ezarriko da piñoien behealdean, kanaletek bildutako ura birbideratzeko. Drainatze-sistema optimizatuko da, tunel osoan zehar saretak edukiko dituen eta dauden kolektoreekin konektatuko den hormigoizko kanal bat instalatuz. Piñoiak gainjantziko dira, espaloiaren aldean panel akustikoak jarriz, eta tuneleko argiztapena erabat berrituko da. Argi-sistema berria bere funtzionaltasuna optimizatzeko diseinatu da, instalazioaren erabileren arabera. Alde batetik, zirkulazio-erreietan, hamabost metroko tarteetan fokuak jarriko dira; espaloien eremuan, berriz, argi esekiak jarriko dira, 4,5 metroko altueran.
- Urbanizazio-jarduketak tunelaren kanpoaldean. Azkenik, azpiegitura bere ingurunean integratzeko, tunelen kanpoko gunitatuak ezkutatu nahi dira, harrizko sare metalikoz betetako egitura handiekin. Egitura horiek gauez argiztatuko dira azalera osoan egongo diren luzetarako argiei esker.