Datorren asteko asteazkenean, maiatzaren amaierarekin batera, itxiko da Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan parte hartzeko diseinuak aurkezteko epea. Aurten abuztuaren 19tik 27ra bitartean ospatuko dira jaiak.

Aurreko edizioan bezala, Aste Nagusia sustatzeko eta iragartzeko lanak aurkeztu gura dituztenek online aurkeztu beharko dituzte. Izan ere, atal horretan bertan izango dituzte eskuragarri lehiaketaren oinarriak.

Lehiaketa horretan edozein nazionalitatetako diseinu grafikoko profesionalek eta zaleek hartu ahal izango dute parte. Aurkeztutako lanek, gehienez bi parte-hartzaile bakoitzeko, originalak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta izenburu edo goiburu batez identifikatuta egon beharko dute. Izan ere, aniztasuna baloratuko da, rolak eta estereotipoak saihestuz.

Lanak formatu bertikalean aurkeztu beharko dira (50 cm x 70 cm) eta testu hau izan beharko dute: “BILBAO 2023-ASTE NAGUSIA-ABUZTUAK 19-27 AGOSTO”.

Irudi herrikoia

Kartel finalisten lehen aukeraketa Jai Batzordeak izendatutako Epaimahaiak egingo du. Epaimahaiak bederatzi kide izango ditu: diseinu grafikoaren eta inguruaren komunikazioaren munduarekin zerikusia duten bost pertsona, Bilboko Konpartsen ordezkari bat eta Udalbatzako hiru ordezkari, Itziar Urtasun Jai Batzorde Mistoko presidentea barne.

Epaimahaiak sei kartel finalistak aukeratu ondoren, Bilboko Udalak bozketa-sistema mistoa abiaraziko du ekainaren 19tik 25era bitartean, herritarrek 2023ko Aste Nagusiaren irudiaren aukeraketan parte hartzeko aukera izan dezaten. Epaia ekainaren 27an jakinaraziko da.

2023ko Aste Nagusia irudikatuko duen lan finalistak 3.000 euroko saria jasoko du.