Eguerdiko 12.30etan hasi da betetzen, pixkanaka-pixkanaka, Santiago enparantza. Urteroko Aste Nagusiko bertso-saioa hastear zegoen. 13.00etan Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Maddi Ane Txoperena eta Nerea Ibarzabal bertsolariak oholtza gainera igoko ziren, ordubete baino gehiagoko saioa eskaintzeko. Aste Nagusi osoan zehar bertsolari ezberdinak igaroko dira plazatik. Modu horretan, bilbotarrek zein kanpotik etorritakoek, bertsolarien ahoetatik ateratako, euskarazko doinu entrenigarri hauetaz goza dezaten.

Nerea Ibarzabal bertsolaria desiatzen zegoen bi urteren ondoren, berriro ere Santiagoko oholtzara igotzeko. Urteak daramatza bertan bertso-saioak eskaintzen eta adierazi duenez, haren plaza "kuttunenetako bat" da. Azkenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea da Ibarzabal eta publikoaren gehiengoa bera ikustera joan da bereziki. Esate baterako, Jesus izeneko gizon zornotzarra. Bertsozale amorratua da bera eta adierazi duenez, "txapeldun handi baten mailan" ikusten du Nerea Ibarzabal. "Horrela ikusten dut, ez soilik azkenengo Bizkaiko Txapelketa irabazi duelako baizik eta oso ona delako", dio Jesusek, eta haren ustez, Ibarzabalek beste txapelketa asko irabaziko ditu.

Nerea Ibarzabalen ustez "normala" da jendea bera entzuteko desiatzen egotea, Bizkaiko Txapelketa irabazi zuenetik. Baina argi utzi du bera beti sentitu izan dela "maitatua" Bilbon, txapelarekin edo gabe. “Oso esker oneko plaza da Santiago, oso zoriontsu sentitu izan naiz beti publiko honen artean”, adierazi du.

Bertsolariak eta Urtzi Urrikoetxea gai-jartzailea oholtzara igo baino lehen Onintza Ezeanyim

Esti bere alaba Irantzurekin, eta Ekia eta Akier, zazpi eta bederatzi urteko, bilobekin joan da saioaz gozatzera. Oso bertsozaleak dira bi emakumeak eta azaldu dutenez, haien bi umetxoak euskal tradizio honen baitan hezten ari dira. Irantzuk azaldun duenez, haren alabak, Ekiak, oso gogoko du Nerea Ibarzabal bertsolaria. Eskolan azkenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketari buruzko lan bat egin ostean bilakatu zen Ibarzabalen zale. Gogotsu zegoen neskatoa bertsolaria oholtza gainera igo zedin.

Pilare eta Bego bilbotarrak bertso-saiora hurbildu dira ere. Izan ere, ekitaldi "nahiko sakratua" da haientzat. Azaldu dutenez, urtero etortzen dira eta irauten duen egun guztietan saiatzen dira etortzen. Bertsolari ugari dituzte gogoko. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal aipatu ditzute, besteak beste. Oholtza gainean ikusi dituzte horietako bi gaur Santiagon, eta, oraindik, beste hainbat egun izango dituzte aurretik haien idoloetaz gozatzeko.