BILBO. Azkuna Zentroak Bilbao European Encounters-en bigarren jardunaldia jasoko du gaur eta Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, izango da jardunaldia zuzentzearen arduraduna. Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak Bilboko Udalaren laguntzaz antolatu du foroa. Integrazio arloan hiriek dituzten erronka nagusien azterketa azalduko die herritarrei, nazioarteko adituen ikuspegiaren eta euskal ikuspegiaren bitartez.

Bilboko alkatearen ustez nazioarteko foroa aukera paregabea da “aztertzeko Europakoa bezalako testuinguru kosmopolitetan 90eko hamarkadaz geroztik hiriek jokatzen duten paper zentrala ekonomian, kulturan, gizartean zein politikan”. Ildo horretatik, Aburtok Bilbo, Balioen Hiria eta Bilborentzako Gizarte Ituna bezalako proiektuen garrantzia azpimarratuko du; izan ere, “udalaren eta udalaz gaindiko zerbitzuen sorta zabalari gehitzen zaizkie, gizarte bateratua, konprometitua, solidarioa eta inklusiboa eraikitzen jarraitzeko”.

Bigarren jardunaldian, “Hirien Europa berria” izenekoan (19:00etan Azkuna Zentroan egingo dena), honako hauek hartuko dute parte: Politika Zientzian katedraduna den Joan Subiratsek, Bilbao 700 ? III Millenium Fundazioko zuzendari nagusia den Josune Aristondok eta Santiago Erasok, arte, kultura eta sormeneko ikertzaile ospetsuak. Hitzaldiko moderatzailea Daniel Innerarity izango da, Globernance-ko zuzendaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna.

Bilbao European Encounters foroari esker, aurten Europako hiririk onenaren aitorpena jaso duen Bizkaiko hiriburua, bosgarren urtez jarraian, kokatuko da Europako metropolien etorkizunari buruzko eztabaidaren erdigunean. Europa munduko kontinenterik urbanizatuena da, eta Europar Batasuneko iturrien arabera, europarren % 80 hirietan bizi da. Europako hiriguneek aniztasun handia izaten duten arren, badituzte zenbait ezaugarri komun ere: gizarte bazterketa, hiriko ingurumenari lotutako erronkak, integrazioaren eta boterearen zatikatzea eta hiri sistemaren desorekak. Faktore horiek guztiak gaurko eztabaidan aztertuko dira.

Lehen hitzaldia urriaren 8an izan zuen nazioarteko kongresuaren azken jardunaldia azaroaren 27an (asteartea) izango da, eta izenburua hauxe izango da: “Fake news, Europa mehatxatuta al dago?”. Izenburuak adierazten duen moduan, albiste faltsuei buruzkoa izango da, errealitatearen pertzepzioarengan eragina duen eta konponezina dirudien fenomenoa. Honako hauek parte hartuko dute foroaren azken jardunaldiko eztabaidan: politika komunikazioko aholkularia eta kazetaria den Inma Aguilarrek, European University Instituteko ikertzailea den Gabriela Jacomelak eta Radio Euskadiko Boulevard irratsaioko aurkezlea den Dani Álvarezek.

Herritarrek modu aktiboan parte har dezakete. Hain zuzen, foroaren formatua elkarrizketan eta hizlarien eta bertaratutakoen arteko komunikazio arin, zuzen eta jarraian oinarrituta dago. Sarrera doan izango da lekuak bete arte.

Bilbao European Encounters 2013. urtean sortu zen Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida aberasteko, eta, horrela, tokiko, estatuko eta nazioarteko arrakasta duten akademikoak eta adituak biltzeko topagune bihurtu da Bilbo; izan ere, Europaren gainean hausnartzeko leku bat dute, aurre egiteko dituen desafioak aztertzeko eta eztabaida hori herritarrei helarazteko toki bat.

Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutua maila eta dimentsio guztietan gobernuaren zeregina hobetzeko ezagutzaren gainean hausnartzeko eta horixe ikertzeko zein zabaltzeko zentro bat da. Gobernantza kontzeptuaren zenbait alderdiri buruzko ikerketa jarduerak garatzea du xede, dimentsio globalean, Europan, estatu mailan eta toki mailan pentsamendu politikoa berritzeko. Horrez gain, sarean egiten du lan ikerketa sozial eta politikoko munduko erreferentziazko zentro ugarirekin, eta gizarte berrikuntza nahiz gobernantza demokratikoa sustatzeko enpresa eta erakundeekin kolaboratzen du.