BILBO. Bilboko Hilerrietako ordutegiak luzatu egingo dira ostegunean, domu santu eguna dela eta. Berritasun bezala, aurten, bi kontzertu liriko aurreikusi egin dira Bilboko Hilerriko Kaperako Klaustroan Domu Santu Egunean, 13:00etan eta 18:00etan.

Jarduera areagotuko dela aurreikusi denez, Bilbao Zerbitzuak Erakundeak irekitzeko eta ixteko ordutegiak luzatu ditu:

Bilboko Hilerria: urriaren 16tik azaroaren 2ra: 08:00etatik 19:00ak arte.

Deustuko Hilerria: Urriaren 16tik 31ra: 08:00etatik 15:00etara; azaroaren 1ean: 08:00etatik 18:00etara; azaroaren 2an: 08:00etatik 15:00etara.

Domu Santu Egunerako aurreikusitako operatibo bereziaren xehetasun guztiak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzia den Yolanda Díezek.

KONTZERTU LIRIKOAK ETA MEZA AZAROAREN 1EAN

Era berean, egunotan Bilboko Udal-hilerria bisitatzen duten pertsonei ematen zaien arreta hobetzeko helburuarekin, herritarrei arreta emateko langileen kopurua indartu da, bai bulegoetan, bai hilerrian bertan (langileak txaleko islatzaile horiekin daude identifikatuta).

Domu Santu Egunera begira, berritasun bezala, aurten, bi kontzertu liriko aurreikusi egin dira Kaperako Klaustroan, non, besteak beste, hauen obrak interpretatuko diren: Puccini, Verdi, Mozart, Donizetti, Bach, Schubert, Webber, Sorozabal, Caccini, Franck, Mascagni, Morricone?. Bata 13:00etan eta bestea 18:00etan. Beste urteetan bezala, 12:00etan, Bilboko Apezpikua den Mario Icetak meza emango du.

MUGIKORTASUNA

Bilboko Udalak garraiobide publikoz joateko eskatzen du; hala ere, bere ibilgailuan doazen pertsonak hilerriaren sarrera nagusitik soilik sartu ahalko dira, hau da, Txorierri BI 737-Erandio/Larrabetzu errepidetik. Horrez gain, ibilgailuak hilerriaren barrualdean aparkatzeari begira, horretarako gordetako eta gaitutako espazioetan soilik aparkatu ahalko da. Ostegunean, azaroak 1, Bilboko Udaltzaingoak zerbitzu berezi etengabea emango du sarbideetan trafikoa ordenatzeko eta segurtasuna bermatzeko.

Gogorarazi behar da mugikortasun murriztua duten pertsonek motor elektrikoko bi gurpildun aulki izango dituztela eskura Bilbao Zerbitzuak erakundearen bulegoetan, hain zuzen ere, hilerriaren barrualdetik mugitzea errazte aldera.

3.000 GOGOBETETASUN-INKESTEN BANAKETA

Hobetzen jarraitzeko, azaroaren 1ean Bilboko hilerrira doazen bisitariek inkesta bat jasoko dute bertara heltzean, ordura arte egindako hobekuntzak eta jasotako zerbitzuak baliozta ditzaten. Horretarako kontratatutako pertsonen babesa izango dugu hori egiteko; zehazki, pertsona horiek emango dituzte inkestak eta horien edukiaren berri emango dute goizeko 10:00etatik 13:00ak arte. Aurreikusi egin da 3.000 inkesta banatuko direla.

HOBEKUNTZAK BILBOKO HILERRIAN

Bilboko Udal-hilerria altxor arkitektoniko bat da, gure hiriaren memoria historikoa eta garai bakoitzeko une soziokulturala islatzen dituena, zehazki, 1902an inauguratu zenetik gaur egun artekoak. Horrez gain, Bilboko ondare kulturalaren parte garrantzitsua da. Oroimen kolektiboko lekua izateaz gain, hiri-espazio bat da, edonoiz bisita daitekeena. Gune hau espazio ireki bat bezala pentsatu eta garatu egin zen eta paseatzeko parke bat, irakurtzeko gune bat edo besterik gabe bertan egotera joateko leku bat da.

Hori mantentze aldera, 2018an zehar, Bilbao Zerbitzuak Erakundeak zenbait jarduketa burutu ditu, adibidez, hauek:

Elementu begetalen garbiketa perimetro-hormetan, bai kanpoaldean, bai barnealdean.

Berdegune berriak sortu dira: Txorierri BI- 727-Erandio/Larrabetzu errepidearen mugakide den harrizko hormaren gunean, fusilamendu-horman eta sarreran.

Konpostaje-ikastaro bat eman zaie mantentze-lanetako langileei; horrekin, 150 m3 konpost lortu dira, lorategietan eta zuhaitz-txorkoetan berrerabili direnak.

Bestalde, konponketa-lanak burutu dira Kaperaren eta Klaustroaren estalkietan eta, horrez gain, kalteak konpondu dira pinturetan. Era berean, Kaperaren aldameneko hormetako beirateak konpondu eta beruneztatu dira.

Azkenik, 2017ko azaroan hasitako 42. etxe-uharteko gorpuzkiak ateratzeko operazioekin jarraitu da, behin emakida-denbora amaituta eta senideei jakinarazteko izapideak beteta. Laster hasiko dira 43. etxe-uharteari dagozkion lanak, administrazio-emakidak iraungita dituena.