Bilboko Udalak Erriberako Udal Merkatuan egin zuen eguzki-instalazio fotovoltaikoak urtebete bete du dagoeneko; urtebetean, merkatuak kontsumitutako energia guztiaren % 30 aurreztu du, hasieran aurreikusitakoa baino % 5 gehiago. Merkatuko instalazio fotovoltaikoak 324 eguzki-panel ditu eraikineko 6 estalkitan, eta urtebetean, Bilboko Udalak, atmosferara 44 tona C0₂ gutxiago isuri du; 61 zuhaitz landatzearen baliokidea eta 37,37 tona ikatz aurreztea.

Hala aurreratu dute gaur goizean prentsaurrekoan Alvaro Perez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak, Eduardo Lobato Iberdrolak Euskadin duen Merkataritza ordezkariak eta José Antonio Fernández Bilbao Zerbitzuetako gerenteak.

“Sistema horrekin, aurrera egiten dugu Erriberako udal-merkatuaren deskarbonizazioan eta energia-kontsumoaren murrizketan 2023ko martxoaren 26an abian jarri zenetik, 92,05 MWh-ko energia ekoitzi du. Horren % 86,9 merkatuan kontsumitu da, eta % 13,1 sarera itzuli da. Zehazki, merkatuak 267,18 MWh kontsumitu ditu: % 29,9 eguzki-plaketatik eta % 70,1 sare elektrikotik. Horrek esan nahi du % 40,8 murriztu dela 2022. urtearekin alderatuta” zinegotziak adierazi duenez.

Gainera, ekimen jasangarri horrekin batera, merkatarien aparkalekuan argindarrez kargatzeko bi puntu bikoitz ipini ziren, 22kW-ko potentziakoak, eta, horri esker, azken miliako garraioa elektrifikatzen lagunduko da.

“Erriberako udal-merkatuak babes berezia du, Bilboko Hirigune Historikoan dagoelako. Ekimen horri esker, orain, gure merkatua jasangarria da, eta ondare-balioa gordetzen du” zehaztu du Álvaro Pérezek. Instalazio hori bat dator Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin.

Bestalde, Iberdrolak Euskadin duen merkataritza-ordezkari Eduardo Lobatok azpimarratu du proiektu hau "oso mugarri garrantzitsua izan dela guretzat, leku enblematikoa eta historikoa delako, eta garrantzi sozial handia duelako merkatarientzat eta bilbotarrentzat. Gainera, Bilboko Udalaren eta Iberdrolaren arteko akordioaren eta lankidetzaren adibide bat da. Batetik, soluzio energetiko berritzaile eta jasangarriak ekartzen ditugu, eta, haiek eraikitzeko, tokiko langileak kontratatzen ditugu, eta, bestetik, merkatarien eskura jartzen dugu erabat berriztagarria eta berdea den autokontsumoko energia, eta, horrela, deskarbonizazioan laguntzen jarraitzen dugu”.

Eguzki-plaken instalazio horrek bat egiten du Erriberako Merkatuaren eraginkortasun energetikoa hobetzen joateko gauzatutako beste jarduketa batzuekin (adibidez, 2022aren amaieran hotz industrialeko sistema berri bat ezarri zen merkatuan), eta horri esker, 2023an (2019arekin alderatuta) 38.037,43 euro aurreztu ziren, eta faktura % 53,8 murriztu da, erdia baino gehiago.

URI JASANGARRIAGO BATEN ALDE

Instalazio horri iaz Zabalguneko eta Otxarkoagako udal-merkatuetan instalatutako eguzki-energiaren sistemak gehitu behar zaizkio. Izan ere, merkatu bi horien artean, instalazioek 1.616 metroko azalera dute eguzki-paneletan, eta horietatik 900 Zabalgunean egongo dira eta 716 Otxarkoagan.  

Autokontsumo moduan funtzionatzen dute, eta soberakina sarean sartzen da. Horrela, Zabalguneko merkatuan sortutako soberakinarekin Deustuko eta Traukoko merkatuak hornitzen dira, eta Otxarkoagako instalazioarekin Labayruko eta Erriberako merkatuak.

Instalazio horiek mugarri bat gehiago dira epe luzera berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuak lortzeko hasitako bidean. Horretarako, energia-efizientziako neurriak bultzatuko dira; izan ere, energia-efizientzia % 31ra iritsi behar da 2030erako; energia-aurrezteak eta energia berriztagarrien sustapenak guztizkoaren % 32ko kuota lortu beharko dute; eta, horrez gain, badira 2030erako bete beharreko beste betebehar batzuk, hala nola, 1990arekin alderatuta, berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea.

BABES BEREZIKO ERAIKINA

Erriberako merkatuaren erakinak babes berezia du Bilboko Zazpi Kaleetan egoteagatik, Estatuko multzo historiko-artistiko izendatua izan baitzen azaroaren 9ko 3290/1972 Dekretuaren bidez, eta, ondoren, kultur ondasun kalifikatuaren deklarazioa erantsi zitzaion, gainera, monumentu multzoaren kategoria emanez, abenduaren 29ko 543/1995 Dekretu bidez.

Horiek horrela, duela urtebete pasatxo eguzki-plakak jarri ziren Erriberako Merkatuan, Zazpi Kaleak Birgaitzeko Plan Berezia Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrira egokitzeko, aldaketak egin ondoren. Plan hori deskarbonizatu eta energia-kontsumoa murrizteko konpromisoaren barruan dago, eta eraikinaren tipologiatik eta historiatik eratorritako babes-sistema erabat errespetatzeko konpromisoa hartu zuen.

Bilbao Zerbitzuak erakundeak eguzki-plaken instalazioak jartzearen eta martxan jartzearen aldeko apustua Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen ildotik doa. Izan ere, Lege horrek xedatzen duenez, 2030erako euskal administrazio publiko bakoitzak energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazio nahikoak izango ditu kontsumoaren % 32 hornitzeko.