Síguenos en redes sociales:

Euskadiko 9.200 gaztek baino gehiagok jasotzen dute Etxebizitza Sailaren laguntza

Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, urtero 9.200 gazte baino gehiagok Etxebizitza Sailak eskaintzen dituen laguntzak erabiltzen dituzte alokairua ordaintzeko. Gainera, azken hiru urteetan beste 4.369 etxebizitza babestu baten esleipendun izan dira.

Datuen txostenak, 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen egungo egoera eta autonomia-erkidegoko emantzipazio-tasa berantiarren atzean dauden arrazoiak aztertzen ditu, batez ere adin horietako pertsonen lan-merkatuaren egoerarekin eta merkatuan etxebizitza eskuragarrien eskaintza urriarekin lotuta.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasun erantsiez jabetuta, adin tarte horretarako arreta espezifikoko programak eta neurriak jarri ditu abian azken urteotan. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako alokairu-sustapenetan lehentasunezko % 40ko sarrera-kupoa dute gazteek, eta bestetik, kolektibo honek lehentasuna du zuzkidura-bizitokietan, emantzipazio-premiei erantzuteko etxebizitza mota egokia, alegia. Era berean, 2019an Gaztelagun programa sortu da, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntza ekonomikoen bidez. 3.777 gaztek dute gaur egun laguntza emana, eta hilero jasotzen dute 36 urte bete arte gordetzen den prestazioa, baldintza berberetan jarraitzen badute. Ia 6.000 gaztek (5.914) baliatu dituzte uneren batean programako laguntzak.

Gainera, 5.060 gazte Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria eta 112 Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoa jasotzen ari dira, eta beste 350 ASAP eta Bizigune etxebizitza hutsak mobilizatzeko programen onuradun dira.

Etxebiden, adin-tarte horretako 30.798 pertsona daude erregistratuta etxebizitza-eskatzaile gisa, eta haietatik, hirutik bik eskatzen dute alokairuko etxe bat. Txostenak erakusten du, lan-baldintza okerragoak izan arren, emakumeek gizonek baino emantzipazio-tasa handiagoak dituztela, % 38,1, eta gizonen kasuan, berriz, % 27,7. Bi tasa horiek, 18 eta 34 urte bitartekoen artean, 2010etik izandako txikienak dira.