AEBko presidenteak adierazia du ez dituela bere kontzientziatik haratago doazen arauak aldeztuko, ez eta errespetatuko ere, eta, jite bereko sasi-agintariekin egin du lobbya, Bigarren Mundu Gerraz geroztik neke handiz eraiki dena hankaz gora jartzeko eta indartsuenaren legea nonahi eta nolanahi ezartzeko. Horiek horrela, Errusiako presidenteak eskuak libre ditu Ukrainaren kontrako erasoarekin segitzeko, estatu hori zatitzeko eta partez bereganatzeko. Beste horrenbeste gertatzen ari da Israelgo gobernuburuarekin, jada ez dago kontenplaziorik, itxurak ere gordetzerik, AEBren babesean zernahi delako egingarri, berbarako, jendea akabatzea edo lurraldeak okupatzea.
Trumpek erakutsi du kontzientziarik ez daukala eta inoren aurrean kontuak errenditu beharrik ez duela. Bera migratzaileen ondorengoa izanik, berdin dio etorri berriak jazartzeak, familiak bereizteak eta kanporatzeak. Pertsona antojagarri horrentzat adierazpen askatasunaren oinarri bakarra bera goraipatzea da, losintxaz limurtzea… utikan bere jarduna zalantzan jartzen dutenak, bere erabakiak tarteko, sufritzen ari diren guzti-guztiak!
Erdiragarria da, gerra abiatu berritan, dirutza egiteko aukerak ugalduko zirela berari entzutea, eta, halaxe gertatzen ari da, ez bakarrik gerrari eusteko ahaleginak egiten diharduten enpresa eta norbanakoentzat, bere inguruan dabiltzan askorentzat ere bai. AEBko presidentearen agintaldiak zerbait erakutsi badu, eskrupulurik eza da, jendeari, herrialdeei zein nazioarteko gutxieneko arauei begira. Horrezaz gain, sasoi bateko agintariek egiten zuten bezala Trumpek bere izena geroratzeko eginahaletan dihardu, lotsarazteraino. Arlote baten tankera hartzen diot nik, goren mailako agintari batena bainoago.
Tamalgarri dena da inork ez diola berari eta bere ingurukoei ganoraz aurre egiten. Lotsagarria da batzuen otzantasuna, pentsatu dutelako atzera-aurrera beste norbait izanen dela AEBko lemazain, gauzak lehengora ekarri ahalko dituena. Nago, horren denbora laburrean horrenbeste ontzi hautsi direla non oso zaila izango den hautsitako guztia, eta hautsiko dena, berregitea. Ez dago fidatzerik eta ez dago horren esku gutxitan munduaren etorkizuna uzterik ere! Bada sasoia herri ordezkariek, bereziki, Europan ari direnek, hitzekin ez ezik ekintzekin ere aitzindaritza erakuts dezaten, balioetan, irizpide demokratikoetan, nazioarteko gutxieneko arauetan oinarri hartuz gehiegikeriei aurre eginez. Inoiz baino beharrezkoagoa da nazioarteko erakundeetako arauak araubide demokratikoetara makurtzea, gutxi batzuen handinahikeriei muga ezartzeko, bizikidetza nonahi ahalbidetzeko, bai eta justizian oinarrituriko bakea nagusitzeko ere.