Bilboko Udaltzaingoak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du droga trafikoko ustezko delitu bat egotzita, purutasun handiko 70 gramo kokainarekin harrapatu ondoren. Drogaren balioa 20.000 euro ingurukoa izan daiteke merkatuan.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Basurtu-Zorrotzako Ikuskaritzak joan den irailean jakin zuen, auzotarren kexen bidez, kokaina kopuru txikietan saltzeko jarduera egon zitekeela Zazpilanda etxaldeko etxebizitza batean.

Informazioa Kriminalistikako Ikuskaritzara eraman zen, eta han ikerketa bat abiatu eta zaintza lanak egiten hasi ziren. Haiei esker, hainbat "pase" eragotzi ahal izan ziren, eta erosleei kokaina kantitate txikiak atzeman zitzaizkien.

Ikerketa lanak egin bitartean, agenteek ikusi zuten susmagarriak etxeko atarian edo etxebizitzaren barruan egiten zituela salerosketak, batzuetan seme-alaba adingabeen aurrean. Eragiketak kopuru txikikoak ziren, erosleek kontsumitzeko modukoak, nahiz eta salerosketen maiztasunak agerian uzten zuen jarduera jarraitua zela (egunean hainbat aldiz).

Osasun Publikoaren aurkako delituaren zantzuak bildu ondoren, operatiboaren arduradunek dispositibo bat ezarri zuten gizona atxilotzeko joan den astelehenean, azaroaren 10ean, eta goiz erdian atxilotu zuten, bere etxetik hurbil.

Ondoren, epailearen baimenarekin, zenbait agentek, Errefortzu Taktikoaren Ikuskaritzako bi txakurren laguntzarekin, etxebizitzan sartu ziren eta osorik miatu zuten. Esku hartzean, purutasun handiko 70 gramo kokaina atzeman zuten, eta kalkulatu da merkatuan 20.000 euroko balioa izan dezakeela.

Gainera, kokaina adulteratzeko beste substantzia batzuk, doitasun baskulak eta saltzeko dosiak prestatzeko erabilitako tresnak konfiskatu zituzten. Atxilotua epaitegiaren esku utzi dute.