Lemoizko zentral nuklearraren proiektua bertan behera utzi zutenetik berrogei urte pasa dira. Txalaparta argitaletxeak Iñaki Petxarromani (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) eskatu dio herri garaipen horren inguruko liburu bat idaztea. Emaitza Lemoiz. Herri garaipen bat nuklearizazioaren aurka liburua izan da.
Liburuan herri-garaipen horren inguruan aritu da Petxa, eta horretarako, garaian lehen lerroan ibilitako zenbait lagun elkarrizketatu ditu. Zentral nuklearren aldeko edo kontrako jarrerak ez ezik, garaian zentral nuklearren proiektuen kontra aurrera eraman ziren jardunak ikertu ditu kazetariak liburu honetan.
Liburua kaleratu ondoren, Iñaki Petxarromanek dio testuinguru politikoa eta historikoa aintzat hartu behar dela garaipenaren inguruan hitz egin ahal izateko, eta ETAk aurrera eramandako ekintzak eta herri-mugimenduaren jardunen lorpenak aztertu ahal izateko. Gainera, “Petxa”-ren hitzetan, ez dagokio ETAri bakarrik Lemoizen itxiera; kontuan hartu behar da herri-mugimenduaren erantzun sendoa, eta noski, anitza.
Liburu honetan ez zara zentral nuklearretan bakarrik oinarritu, herri borrokaren bidez lortutako garaipenari buruz aritu zara baita ere, ezta?
Nahiz eta liburua laburra izan, testuinguru guztia aipatzen saiatu naiz. Ez bakarrik herritarren borroka, baizik eta testuingurua osatzen zuten beste elementuak ere bai: nuklearizazio-prozesua bera, borroka armatua… Testuinguru historikoa aipatzearren, 70. hamarkadan lau zentral nuklear egiteko asmoa egon zen Hego Euskal Herrian; Tuteran eta euskal kostaldean. Ikusten denez, nahiz eta gero dena pausatu zen, Euskal Herria garai batean “nuklearizatzen” saiatu ziren eta Lemoiz horren sinbolo bihurtu zen. Lemoizen kasuan zentral nuklearra amaituta zegoen, azkeneko pausua ematea bakarrik falta zen: aberastutako erregaia ekartzea.
Lan honetarako, lan bibliografikoaz gain, elkarrizketa ugari egin dituzu.
Hainbat elkarrizketa izan dira, batez ere saiatu naiz lekukoak elkarrizketatzen. Batetik, herri mugimenduko kideak izan zirenak. Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko koordina-tzailea izan zen Jose Allende Landa, adibidez. Komite antinuklearreko Sabino Ormazabal ere elkarrizketatu dut. Horiekin batera, Lemoizko auzia ez litzateke ulertuko bestela, ETAn garai horretan ibili zen Jose Antonio Torre Altonaga ‘Medius’ elkarrizketatu dut. Haiekin saiatu naiz osatzen garai horretako argazkia.
Eta zer kontatzen dute argazki hori osatu ahal izateko?
Arreta handiena deitzen duena Euskal Herrian garai hartan egitasmo hauen kontra egon zen erantzuna da. Bai erantzun herritarra, baita armatua ere. Hori ezin daiteke ulertu frankismo ondorengo lehenengo urteetan Euskal Herrian egon zen giro politiko nahasia aztertu gabe. Esan daiteke post frankismoaren eta trantsizioaren lehenengo urteetako giro horretan saiatu zirela zentral nuklear hauen egitasmoa gauzatzen. Batetik, erantzun herritarra egon zen, anitza eta indartsua izan zena. Bestetik, ETAk borroka armatuaren bidez jokatu zuen. Bi borroka horien eraginkortasunagatik ez zuten lortu zentral nuklearren egitasmoa gauzatzea. Aipatu behar dugu ETAk hil zuela Jose Maria Ryan ingeniaria 1981ean; eta 1982. urtean, bere ordezkoa jarri zutenean, oso kostata, Angel Pascual Mugika, hau ETAk hil zuen baita ere.
Hala ere, liburuan azaltzen duzu ETAri egotzi nahi izan ziotela proiektua geratzea. Sinplista da ideia hori?
Nik esango nuke baietz. Batetik, onartu beharra dago ETAren eskuhartze armaturik gabe ez zela geldituko zentrala, baina horrekin bakarrik ere zaila da irudikatzea zentralaren irekiera bertan behera gera-tzearen lorpena. Herri erantzun indartsurik gabe, desobedientziarik gabe, hitzaldirik gabe, okupaziorik gabe, fakturei ordaintzeko ukorik gabe… Mila adibide daude erakusteko zentral nuklearraren egitasmoaren aurka erantzun sendo eta indar-tsu egon zela. ETAren erantzun armatuak neurri handi batean eragin zuen, baina ez zen hori bakarrik. Are, badaude adibideak ETAren historian non borroka armatuak ez duen lortu lan horiek gelditzea, adibidez, AHT-arekin. Lemoizen kasuan, bien batuketa beharrezkoa da gertatutako ulertzeko eta lortutako emaitza.
Liburuan, Txernobylen gertatutakoari lekua eman diozu. Lemoizko proiektua geldituta zegoen jada, baina lorpenaren herri-baieztapenean eragin zuen istripuak?
“Herri mugimenduak eta mugimendu ekologistak arrazoia zeukatela erakutsi da, historiak arrazoia eman die”
Txernobylgo istripua 1986. urtean izan zen, eta ordurako Lemoizko zentral nuklearra geldituta zegoen. Garai hartan modu sendoan aritu ziren herri mugimenduko kideak gerora zentral nuklearrek erakutsi dituzten arriskuen kontra egiten. Istripuaren arriskuak salatu zituzten, eta horren hondakinen kudeaketaren arriskuak seinalatu zituzten baita ere. Ondorengo historiak hori erakutsi du, noski. Lemoizen ez zen gertatu, baina Txernobylen eta Fukushiman bai. Herri mugimenduak eta mugimendu ekologistak arrazoia zeukatela erakutsi da, historiak arrazoia eman die.