Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko ikasketak amaitzen ari da Ane Cuesta Monge eta aurki ECPV Euskal Herriko Zinema Eskolan Zinema Zuzendaritza ikasiko du. 21 urterekin, hainbat ikus-entzunezko lan argitaratu ditu, gehienak berak idatzi, zuzendu eta ekoitzitakoak. Oraingoz gai sozialak jorratu ditu batez ere, eta bere lanak “probokatzaileak” direla dio. 12 minutos argitaratu zuen 2021ean eta iazko urte amaieran Asko falta da? film laburra. Egun, U(da)koak eta Hain Txikia proiektuak ditu eskuartean.

Bere lan propioak autoekoizteko ohitura du zuzendari zolloarrak. Izan ere, ikaslea izanik baliabide gutxi du eskura eta, unibertsitatean ere, nahiko urriak omen dira eskaintzen dizkiotenak. Horregatik, bere proiektuak aurrera ateratzeko crowdfunding kanpainak jarri izan ditu martxan. Horrela lortu zuen unibertsitateko ariketa bezala jaiotako Asko falta da? filmean aktoreei ordainsaria ematea, adibidez.

Orain arte zuzendutako lanetan gai sozialak jorratu izan ditu Cuestak: bortxaketa eta lagunartea, haur baten lehen harremana masturbazioarekin, gizartearen tabu handiak… Horiek dira bera mugiarazten duten gaiak eta hori ateratzen zaio intuitiboki. Hala ere, zolloarrak azaldu du ez duela uste beti mezu sozial edo politiko bat zabaldu behar denik ikus-entzunezko lanen bidez, istorioak “entretenigarriak” direlako ere kontatu behar direla dio, beste asmorik gabe. Hori bai, bere ukitu iradokitzailea nabari da obra guztietan, “probokatzeko” sena du.

Mezu argia

2022ko urte amaieran estreinatu zuen Mondragon Unibertsitatearen Huezinema jaialdian Asko falta da? film laburra. Genero indarkeria salatzeko hamabi minutuko pieza da, baina zuzendariak argi adierazi du zein den ikuspuntua: “Asmoa ez da mutilei erakustea ez dela bortxatu behar. Hori argi dago jada eta nik hamabi minututan ezin dut hori aldatu. Ez diet mezua erasotzaileei bideratu nahi izan, erasotuei keinu edo laztantxo txiki bat egin nahi izan diet”.

Flashbacken bitartez karta-jokoan ari diren lagun talde bat iraganeko asteburu pasa batekin lotzen ditu zuzendariak. Metafora horren bidez ikusleari ulertarazi nahi dio “joko bat ematen duena ez dela beti jokoa”, eta horrela dio proiektua xehe-xehe azaltzen duen Goteo atarian: “Axolagabeak deseroso sentiarazi nahi ditugu errealitatearen gordintasunaz, eta beldurtuak besarkatu nahi ditugu ahizpatasun izpi batez”. Bertan argi uzten du bere posizionamendua zuzendariak: “Ez dakigu zenbat falta den, baina gehiegi da dagoeneko. Asko da oraindik jasaten duguna eta hori azaleratu nahi dugu. Asko falta da erasoa bukatzeko? Asko falta da erreakzionatzeko? Jakina, asko faltako da begirada albo batera botaz gero”.

Azaldu du emakume askok adierazi diotela filmeko protagonistarekin identifikatuta sentitu direla eta, zuzendariaren iritziz, horri esker lortzen da bigarren mezu bat zabaltzea: “Zoritxarrez guztioi gerta dakigukeela eta ez dela ezer gertatzen biktima izateagatik”.

Egiazko gertakaria

Asko falta da? film laburra benetako gertakizun batean oinarrituta dago. 2018an izan zuen Cuestak gertaeraren berri eta hasieratik izan zuen argi film laburra batean kontatu nahi zuela. Unibertsitatean hasi berria zen orduan, eta 2021era arte ez zuen izan eskolarako labur bat egiteko aukerarik. Hiru urtez ideia buruan bueltaka izan eta gero, behingoaz lantaldea osatu eta proiektua garatzeko aukera izan zuen orduan.

Zazpi laguneko talde teknikoa batu zuen: Iraia Irazusta izan du zuzendari laguntzaile, Malen Trenado ekoizle eta komunikazio arduradun, Iñaki Lizarraga argazki zuzendari, Beñat Goia kamera operadore eta muntatzaile, Iraia Alvarez soinu arduradun eta Garikoitz Barandiaran arte zuzendari eta grafista. Aktoreen artean, gehienak Goazen! telesailean agertu izanagatik dira ezagunak: Maria Redondo, Gaizka Sarasua, Iholdi Beristain, Beñat Iturbe eta Unai Arana.

Filmak bortxaketa bat du hizpide. Ane Cuesta Monge

Esan bezala, “izateko bi arrazoi” dituen proiektua da Asko falta da? Lehena, akademikoa; eta, bigarrena, “sortzeko grinak bultzatzen zaituenean sortzen den berezko arrazoia”, zuzendariaren hitzetan. 2022an aurkeztu zuen 12 minutuko pieza Huezinema jaialdian eta hiru sari eskuratu zituen: fikziorik onenarena, soinurik onenarena eta ikuslearen saria.

Filma adin eta mota guztietako ikusleei zuzenduta dagoela uste du Cuestak, baita haurrei ere. Askotan horrelako lanak umeei erakusteak beldurra ematen badu ere, helburu didaktikoa izan dezakeela dio, baita entretenitzekoa ere. Ez da soilik bere iritzia; izan ere, orain gutxi herrian erakusteko aukera izan zuen eta bertako hainbat gurasok horixe bera azpimarratu zioten: ikasgeletan proiektatzeko lan egokia dela.

Egon da ere norberaren jarrera iraingarriak identifikatzeko baliagarria izan zaiola aipatu dion aitarik. Egunerokoan ikusgaitzak zaizkigun hainbat egoera gordinean azalarazten ditu Cuestak pantailan eta horrek “erraztasuna ematen du aurretik ikusitako eraso batzuk eraso bezala identifikatzeko”. Baita nork bere burua biktimatzat hartzeko ere: “Niri lan honek eman didan irakaspenik handiena da zein zaila izaten den batzuetan nork bere burua biktimatzat hartzea biktimizatu barik”.