Hika Konpainiak ekoiztuta, Lezoko Gezala auditoriumean (Gipuzkoa) eskaini dute aurrenekoz Toto antzezlana, pasa den urtarrilaren 15ean. Maitasunaren zuri-beltzaz hitz egiten duen istorio honek, Joselu, Mai eta Toto protagonistak aurkeztuko dizkigu. Ordubeteko iraupena du antzezlanak eta, dagoeneko, Lezoz gain, Zumaia, Hondarribia eta Aretxabaletako aretoetan antzeztu dute Miren Gojenola eta Asier Hernandez aktoreek. Mafalda Bellidoren Chucho lana du oinarri, eta euskarara ekarri du Kepa Errastik.

Interpretazioa eta idazketa uztartzen ditu Mafalda Bellido valentziarrak. Bere konpainia propioarekin estreinatu du Chucho lana, eta hainbat sari jaso ditu: finalista egile berri onenaren sarian (Max sariak), finalista testurik onenaren sarian (Valentziako Arts Escèniques sariak), Valentziako Erkidegoko Dramaturgia Txapelketako irabazlea, finalista Valentziako Kritika Onenaren sarietan, Valentziako An-tzerki Onenaren Saria... Bellidoren gidoia oinarri hartuta osatu du Kepa Errastik Toto. Aktore lanetan aritzeaz gain, antzerki testuak idatzi eta itzultzen baititu aretxabaletarrak. Antzezlana, bestalde, ez da Bellidoren testuaren gainean egindako itzulpen hutsa, euskal giro, testuinguru, kultura eta ohituretara ekarri baitu aktore eta gidoilariak. 

Komiko bihurtutako tragediak

Banandu berri den bikotea osatzen dute Maitane eta Jose Luisek, eta Toto txakurraren kustodia partekatzen dute. Itxuraz, adostutakoa modu egokian bete eta harreman ona mantentzen dute, txakurra Joselurekin zegoela galdu den arte. Orduan azaleratuko dira gordeta izan dituzten hainbat zauri. Animaliarengandik sentitzen duten maitasuna erabat ezberdina dela ikusi eta ulertuko du publikoak. Izan ere, semea izango balitz bezala maite du Maitanek Toto, eta ezin du imajinatu bere bizitza txakurra gabe. Horixe bera aurpegiratuko dio Joseluk: “Amatasun sena piztu nahi nizulako oparitu nizun Toto! Bai, amatasun sena. Baina txakurrarekin egon garen urte guzti hauetan animali sena baino ez zaizu piztu”. 

Miren Gojenola eta Asier Hernandez aktoreak. Hika teatroa

Tonu berean arituko da Mai ere: “Nahiago nuke Totok bezala zaunka egin eta zoriontasunez saltoka ibili. Nahiago nuke goizero zu miazkatzeko eta zure hankartean igurzteko gogoa izango banu... Nahiago berak bezala begiratu ahalko banu, Totok begiratzen ninduen bezala begiratu ahalko bazintut, eta maite ninduen bezala maite ahalko bazintut”. Izan ere, modu latzean eztabaidatzen du bikoteak, errealitatean sarri gertatu ohi den bezala. Maitasunaren galera agerikoa da bikotearen arteko elkarrizketan, barregarri bihurtzeraino. Intxaurragak azaldutakoaren arabera, “barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak, kanpotik ikusita, gehienetan barregarriak eta komikoak suertatzen baitira”. Komedia egiteko nahiak eta gogoak eraman dute zuzendaria, hain zuzen ere, Toto antzezlana aurkeztera.

Tragediatik salbatzeko, barrea

Kontatzen jarraitu nahi duela adierazi du Intxaurragak, “etiketetatik ihes egiten saiatzen” segi: “Behar dut ibilitako bidetik ikasitakoa gogoratuz, bide berriak arakatzea, aldiro”. Horren harira, Toto “komedia lazgarria” dela azaldu du, “zuzena eta artifiziorik gabea”. Izan ere, “antzerkiaren aztarna hutsera itzultzeko” eta “bizitzari umoretik begiratzeko” gogoa zuela dio zuzendariak, eta emozio latzenei uko egin gabe, publikoak barre egitea nahi duela: “Barre egiteko gogoak salbatuko ahal gaitu tragediatik”.

Hau guztia islatzeko, aktore bi baino ez dira azalduko oholtza gainean: Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Lehenengoak urte asko daramatza Hika Konpainiarekin lanean eta bigarrena lanean aritua da aurretik Intxaurragarekin. Izan ere, Toto espazio ezberdinetan antzezten imajina dezake Intxaurragak: “espazio txiki, ertain, handi, erabilera anitzeko espazioetan… Nahikoa izango dira beti bi aktoreak, galdu den txakurra, eta publikoa”. 

Horrez gain, Xabier Lozano arduratu da argiztapenaz, Miren Intxaurraga eta Xabier Mujika espazio eszenikoaren diseinuaz, eta Adrian García de los ojos musikaz. Datozen hilabeteetan, Euskal Herriko hainbat areto eta antzokitan eskainiko du Hika Konpainiak Toto antzezlana.