Musikaren, dantzaren eta literaturaren bitartez gizarte garapena bultzatzeko asmoz jaio zen Naturaren doinuak jaialdia. Egun bateko ekitaldi batekin hasi, eta bost urteren ostean, asteburu osoko jaialdi zein urte osoan zehar bizirik dagoen gizarte proiektua bihurtu da. Shrabani Aranzabe-Pita musikari, ikerlari eta pedagogoa da jaialdiaren sortzailea. Ilusioz min-tzo da jaialdiaren bilakaeraz: “Hunkitu egiten naiz ikustean bost urte egitera iritsi garela. Luzerako gelditzeko zela pentsatzen genuen, baina ez genuen espero ekitaldi xume batetik amestu genuen kultur sustapenarekin loturiko gizarte proiektu bat bihurtzea”. Aurten, maiatzaren 22tik 24ra izanen da, Alkizan.
Pandemia bete-betean loratu zen proiektua. 2021ean, minbizia izan zuen Aranzabe-Pitak, eta prozesu onkologikoan musika eta natura bidelagun izan zituen. Lehenengo urtean, musika, dantza eta literatura uztartzen zituen emanaldi bat egin zuten Ur mara museoko zelaian, basoan. Itxialdiari eran-tzun bat emateko sortu zuten: “Esaten genuen arteak eta kulturak buruan genituen gauzetatik salbatzen gintuztela, eta haize freskoa ematen zutela. Minbizia izan nuenez, eta arteak hainbeste lagundu didanez, besteei ere lagun ziezaiekeela pentsatu nuen”.
"Minbizia izan nuenez, eta arteak hainbeste lagundu didanez, bestei ere lagundu ziezaiekeela pentsatu nuen”
Bigarren urteari begira, amesten jarraitzeko premia ikusi zuten, eta ekitaldi soil bat egiteaz gain, egun osoko egitaraua prestatu zuten. Horrez gain, interesgarria iruditu zitzaien gizarte proiektu batekin lanean hastea. Horretarako, hiruzpalau hilabeteko lanketa egin zuten Izan Iñurri elkartearekin: “Minbizia izan duten edo duten emakumeekin sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna landu nahi genituen. Kontzientzi hi-tza auzitan jartzen hasi ginen. Izan ere, esaten dugu kontzientziatuko garela, baina gero benetan lanketa al dago?”. Harrerarengatik beldur ziren, eta igerilekura jauzi egitea bezala zela kontatu du. Azkenean, “oso harrera ona” izan zuen egunak. Naturatik herriko plazara mugitu zuten egitaraua: “Sentitzen genuen jende dexente etortzen bazen, ezingo genuela horrela zaindu ingurua. Niri basoan izaten jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ez dago ongi eta ez da jasangarria”.
Arrakasta ikusita, 2023ko edizioari begira, lanketa “sakonagoa” egitea erabaki zuten. Horretako, minbizia duten adingabeen eta euren senideekin lan egiten duen Aspanogi elkartearekin jarri ziren harremanetan. Musikan eta mugimenduan oinarritutako sei hilabeteko tailerrak egin zituzten, ikastetxe batean, talde kohesioa lantzeko. “Oso gogorra izan zen, baina aldi berean argi ikusi genuen zein beharrezkoak ziren horrelako lanketak. Elkar-zaintzatik, mina kolektibizatu eta zerbait elkarrekin sortu nahi genuen. Hau da, ez nik hau daukat, eta leku bat eginen dizut”, aitortu du. Horrekin batera, jaialdia egun bateko kontua izatetik, asteburu osoko plana izatera pasa zen. Ordutik, egun bakoi-tzak izaera propioa dauka: lehenengo egunean desiretan jartzen dute arreta, bigarrenean belaunaldien arteko harremanak indartzea dute helburu eta azkena, Naturaren doinuak eguna da. Horrekin batera, ikusi zuten Alkiza bezalako landa eremuetan kultura sustatzeko premia “handia” dela. Aldi berean, irisgarritasuna bermatzearen garrantziaz ere mintzatu dira: “Kultura noski baloratu behar da, baina denok izan behar dugu sarbidea. Orduan, doakoa izan behar da, bestela, soilik ahal dutenak etorriko dira, eta beste hainbeste atean geratuko dira. Kultura eskubide unibertsala izan beharko litzateke”.
Erreferenteen premia
Iaz are gehiago sakondu zuten tailerrean Gautena elkartearekin eta Herrikide ikastetxearekin. Gautena elkartea autistak diren pertsonekin eta euren senideekin lan egiten duen elkarte bat da. “Buruan genuen ideia errealitate bihurtu zen edizioa izan zen iazkoa. Haur eta gazteek erreferente falta handia dutela ikusi genuen. Aukera izan zuten ikusteko hamar mila gauza egin daitezkeela bide konbentzionaletatik kanpo. Utopikoa izan daitekeen arren, ikusi genuen ere amestu genezakeela mundu bat non denok daukagun lekua”, kontatu du ilusionaturik. Horretarako autistak diren eta ez diren haur eta euren familiekin jarduerak egin zituzten.
Ibai Zulaikak, Gautena elkarteko komunikazio teknikariak, nabarmendu du “oso polita” eta “onuragarria” izan zela: “Familiak oso gustura egon ziren eta askatasun osoz ibiltzen ziren; inongo presiorik gabe. Horrelako espazioak sortzea oso zaila izaten da”. Azpimarratu du ere proiektuaren funtzionamendua “oso lagunkoia” izateaz aparte, aurre lanketa lagungarria izan zela: “Askotan gure familiek ez dute zenbait ekin-tzetan parte hartzen epaituak ez izateko eta beste familien begiradak eta iruzkinak ez jasotzeko”.
Autismoa ikusarazteko Urdinduz martxa solidariorako Agian Infinitoa kanta sortu, eta Klaap dantza eskolarekin koreografia bat prestatu zuten. Horrela, denen artean eta elkarlanean ospatu zuten autismoaren eguna. Zulaikak gaineratu du, beti ez dela erraza denontzako espazioak sortzeaz. Urteekin geroz eta egokitzapen gehiago egiten direla uste du, adibidez, zinema egokitutako saioak edota barraketako bolumena jaisten. Hala ere, uste du gehien baloratzen duten egokitzapena jendearen prestutasuna dela: “Naturaren doinuak proiektuaren kasuan, dena elkarrekin egin genuenez, beste jarrera bat sumatzen zen”.
Leihoak zabaltzen
Orain arte ekainean egin dute jaialdia, baina aurten hiru aste aurreratu dute, beste ekitaldi batzuekin talka egiten duelako eta ez dutelako kontra-programatu nahi. Aranzabe-Pitak poz-pozik aipatu du berrikuntzaz josita dagoela aurtengo edizioa: “Iaz amesten genituen gauza guztiak bete genituen; orduan, aurten geure buruari gehiago amesten utzi diogu”. Elkarlanean aritu dira urte hauetan parte hartu duten kolektiboekin, eta Atzegi elkartekoak ere gehitu dira. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen elkartea da Atzegi. Horrez gain, hiru ikastetxetan egin dituzte tailerrak. Askotariko erreferenteak izan dituzte; hala nola dantzariak, zinemagileak, idazteak eta musikariak.
"Familiak oso gustura egon ziren eta askatasun osoz ibiltzen ziren; inongo presiorik gabe”
Berrikuntzen artean, Naturaren doinuak jardunaldiak daude. Bertan, kulturarteko hezkuntzaz, kulturarako sarbideaz eta ingurune osasunaz mintzatuko dira maiatzaren 22an, ostiralarekin. Zenbait solasaldi antolatu dituzte, besteak beste Ikastetxeetan lantzen dituzten dinamikak zabaltzeko, gogoetatzeko norentzat den irisgarria kultura eta zergatik eta proiektuaren jasangarritasuna lantzeko. “Profesionalek eta erreferenteek kobratzen dute, baina gainerakoak boluntarioak gara. Orduan, ikusi behar dugu nola lortu proiektu jasangarri bat”, esan du. Inguruarekiko errespetuzkoa den jaialdi bat sortu nahi dute ere. Horregatik, “oso argi” dute, premiazkoa dela autobusen erabilera sustatzea. Horretako antolatzaileek doako autobusak erabiltzeko dei egin dute: “Ingurune osasunaz ere hitz egin behar dugu. Ni ez banago ondo, gizartea ez dago ondo eta natura ezta ere”.
Open mic musika ekitaldia ere eginen dute ostiralean arratsaldean. Asmoa da musikari berriei euren lana ezagutzera emateko espazio bat sortzea: “Ematen du musika taldeak soilik igo daitekeela oholtzara ordu batetik gorako emanaldia badute. Bestela nola betetzen duzu denbora? Guk pare bat kanta jotzeko espazioa eskaini nahi diegu”. Horrekin batera saretzeko espazio bat izatea nahi dute.
Jaialdiaren bigarren egunean, askotariko tailerrak eginen dituzte. Hau da, ikastetxeetan landu dutena, publiko orokorrera zabaldu nahi dute. “Eskoletan egiten duguna, eskoletan geratzen da, eta perfektua da, hori delako helburua. Aldi berean, uste dugu denok izan beharko genukeela aukera horrelako diziplinak lantzatzeko”, esan du. Arratsaldean bazkal osteko kantak, kafea eta bertsoak izanen dituzte. Horrekin batera, Gozategiren kon-tzertua. Jaialdiarekin amaitzeko, Naturaren doinuak eguna “hermetiko” mantenduko da, eta biodantza saio bat gehituko dute. Jaialdiaren atarian daudelarik, urduri, hunkituta eta gogotsu mintzo da Aranbe-Pita. Urtez urte, amesten jarraitzeko gogoz dago.