Ramon Zabalegiren kultur gomendioak:

Ramon Zabalegiren kultur gomendioak:

  • Musika talde bi: Amorante: bere disko berrian murgilduta nabil; barrutik harrapatu nau. Intensidades Ortega: Pasoliniren inguruan eraikitzen ari garen pieza kontzeptualarekin oso piztuta.
  • Liburuak: Bi estoizismoren artean: inperialetik egunerokora. Marguerite Yourcenarren Memorias de Adriano eta Jabier Muguruzaren 'Café Mokka'.
  • Dantza pieza bat: 'Nunavut', Myriam Pérez Cazabon(Nerihari): keinu minimoz eraikitako dantza zehatza.
  • Antzezlan bat: Dejabu konpainiaren 'Itzulera'. Sarrera erosi berri dut; esperoan nago.
  • Telesail bat: 'The Pitt': larrialdi zerbitzu baten barrena denbora errealean; dramatizaziorik gabe, haragi eta odolez.
  • Film bat: 'It Was Just an Accident', Jafar Panahi: ezinezko baldintzetan ere amore ematen ez duen zinema.
  • Dokumental bat: 'My Undesirable Friends', Julia Loktev. kolpe deseroso baina beharrezkoa.
  • Artista bat: Nagore Legarreta, argazkilaritza esperimentala eta bidelaguna.
  • Webgune bat: Afrofeminas.com: feminismo beltza eta pentsamendu dekoloniala lantzeko erreferentziazko espazioa.
  • Kultur espazioak (Bidasoan): Zinema: Urruñako Itsas Mendi areto independentea. Musika: Hondarribiako Psilocybenea eta Irungo Lakaxita.


Ramon Zabalegi artista bisuala eta grabatzaile autodidakta da. 20 urtetik gorako ibilbidea du, espazio alternatibo eta komunitarioetan sustraitua, eta sormen-prozesua eta dimentsio kolektiboa ditu ardatz. Bere lanaren parte bat eremu plastikoaren eta sonikoaren arteko mugan kokatzen da. Euskal musika-eszenarekin elkarrizketa etengabean, 40 proiektu baino gehiagotan hartu du parte. Grabatua, collagea, pintura eta material birziklatuak uztartuz, hautsitik, zatitutakotik edo baztertutik abiatuta eraikitzen du. Azken urteetan, identitate anitz eta ez-normatiboen inguruko ikerketa du ardatz, espresio gordin eta zaurgarritasun duinaren arteko oreka bilatuz. Horrez gain, grabatu, collage eta muralismo tailerrak ematen ditu hezkuntza- eta komunitate- testuinguruetan, artea eraldaketa pertsonalerako eta kolektiborako tresna gisa ulertzen du-eta. Laburbilduz, 2005. urte ingurutik aurrera 100 proiektu baino gehiagotan hartu du parte artista plastiko edo diseinatzaile moduan, teknika ugari eta anitzak erabiliz, besteak beste: litografía, xilografia, monotipoak, margo akrilikoa, akuarela, collagea eta argazkilaritza analogiko zein digitala. Kasu gehienetan autogestioa nortasun ikur eta haien proiektuen funtsezko erabaki politiko gisa ulertzen duten artista zein zigiluekin egin du lan. Beste proiektu batzuk herri mugimenduekin elkarlanean garatu ditu, ala instituzio eta partikularren enkarguz. Berriki, Nagore Legarretarekin batera Gorputzen Errebolta ondu du.