Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Kukua

Apirilaren azken egunetan entzun dut lehen aldiz aurten. Kukua, diot. Araba aldean, hango parajeetatik nenbilen alderrai, eta kukuak jo zuen. Halako poz batek hartu ninduen, kukurik gabeko udaberririk ez baitago. Kukurik kukura etortzen baita kukua.

Bere kantu monotono eta errepikakorra entzuteak adierazten digu denak bere tokian segitzen duela. Urte bete pasa da baina primadera berriz dago gure artean, eta kukua jo era jo ibiltzen da, bikotea topatu nahian. Hala, bizitzak ez ditu bere parametroak galdu.

Kukua ez entzuteak halako ezinegon bat sortzen du. Bea Salaberriri irakurri nion aurten ez duela entzun eta “melankolia eta kezka nahasketa bat” sortu diola horrek. “Dena den, kukuak kantatuko balu, gai ote ginateke entzuteko, denbora ote genuke hari behatzeko, konexiorik ba ote genuke oraino, den mendreena, naturarekin, horretarako. Eta gisa bera enarei, zuhaitzei, iturri galduei, hurkoari…”

Kukuak sinbologia paregabea izan du beti gure kulturan, eta errefrau eta esakune askoren protagonista da. Ohikoena inguruan dugu: “Sakelean dirua daukanak urte guztian dirua edukiko dau”. Entzun nuen egunean ez neraman ogerlekorik, hortaz, “dirudik aldean ez daukana beti txiro izango da”. Tira, ba!

Adi egon beharko gatzaizkio kukuari, izan ere, “kukuak egiten du maiatzean kuku, garagarrilean gelditzen da mutu” edo “Andra Maria Martikoz kuku, San Pedroz mutu” dio tradizioak.

Naturan ere izen edo adierazpide askok kuku hitza dute: kuku-lore, kuku-praka, kuku-sagar, kuku-belar, kuku-haritz ,… Kukuak jo edo kukuak oker edo makur jo zortea edukiarekin lotuta dago, eta agian beste kuku batek joko liguke geure euskararen alde senperrenak egingo bagenitu.

Norbait hiltzear denean ere kuku hitza erabili egiten da, eta hala, ohikoa da esatea, “datorren urtean ez du kukua entzungo”. Azken esaera hori baliatuko dut penaz esateko Carlos Garaikoetxeak ez duela, zoritxarrez, datorren urtean kukua entzungo. Euskal Herriaren aldeko politikak izan duen abertzalerik sutsu, zintzo, koherente, prestu eta langileena.