Síguenos en redes sociales:

Imajina ezazu eszena hau: etxetik irteten ari zara eta etxeko ateko sarrailari bueltak ematen ari zarela, bizilagunaren atea irekitzen da. Bizilaguna eskuetan plastikozko poltsa handi bat daramala irten da etxetik. Hasiera batean pentsatu duzu zaborra jaistera atera dela, baina igogailuan sartu zaretenean, plastikoaren barruan billeteak daudela ikusi duzu, billete sorta batzuk agertu baitira poltsa ixten saiatu denean.

Zer pentsatuko zenuke halako egoera baten aurrean? Bizilagunak Gobernuz Kanpoko Erakunde batera daramala dirutza hori? Ziurrenik ez. Ziurrenik kopeta zimurtuko zenuke eta zure bizilagunarekiko konfiantza hautsiko litzateke bat batean. Gaizkile baten aurrean zaudela pentsatuko zenuke.

Ba gauza bera gertatzen da epaiketa batean ministro ohi baten inguruan diru beltza hara eta hona poltsetan mugitu dela egiaztatzen duzunean. Bizilagun susmagarriaren aurrean bezala erreakzionatzen du gizarteak politikarien aurrean halako albisteak entzun ondoren.

Ez da harritzekoa, beraz, politikarekiko desafekzioaren gorakada. Politikatik urruntze hau ez da fenomeno meterologikoa, zenbait politikariek politikarekin egin duten erabilera maltzurraren ondorio baizik, besteak beste. Eta hau albiste txarra da ez bakarrik oraindik politika zerbitzu publiko bezala sentitzen eta erabiltzen duten politikarientzat, gizarte osoarentzat baizik.

Politika gizartea eraldatzeko beharrezko tresna da, baina bide txarretik goaz honelako politika eredu bati buruzko albisteak entzuten ohitzen bagara. Eta urruntze hau ez da bakarrik gertatzen korrupzio kasuen ondorioz, baita politikarien eztabaida askok hartu duten norabide zentzugabe eta errespetugabeagatik ere.

Desafekzioa ez da apatia, hiritarren defentsa-mekanismo bat da. Eta hiritarren fedea berreskuratzeko lan eskerga egin beharko da kontrako norabidean. Egia eta errespetu asko sartu beharko da hara eta hona zabaldu beharko diren plastikozko poltsetan.