Síguenos en redes sociales:

Hutsune digitala

Aro digitalean bizi garela dioskute. Aro analogikoa gainditu dugula dioskute. Eskumuturreko erlojuak zaharkituak direla dioskute. Irrati-telebistek geroago eta indar txikiagoa dutela dioskute. Paperezko liburuak aspaldiko kontuak direla dioskute. Laster gizakumeon arteko harremanak aldatuko direla dioskute. Adimen artifizialak eguneroko zeregin guztietan eragina izango duela dioskute. Lan egiteko moduak erabat aldatuko direla dioskute. Laster zenbait ogibide desagertuko direla dioskute.

Aro digitalaren harrigarri guztiek liluratuko ei gaituzte. Eta hori sinetsarazi nahi digute. Betiere, ahaztu ei zaigu betegintzarrea jainkotiarra dela eta gu gizaki hutsak garela, nahiz eta norberak jainko-jainkosen parekoa dela sinetsi. Egundainokoa, antzinakoa, antigoalekoa txarra da, oraingoa, bihar-etzikoa, etzidamukoa, etzikaramukoa hobea dugu. Hala dioskute. Aro digitalean hain ondo bizi gara non ez baitugu beste gizakirik behar.

Bai, halaxe da, apurka-apurka hezten gaituzte gu geu bakarrik egon ahal izateko; izan ere, aro digitalean nahikoa dut eskuko telefonoa, ez dut inorekin zuzenean egon behar. Geu kolektiboa desagertzen doa eta neu indibidualista doa goratzen, nagusitzen. Gizakumeon ezaugarririk behinenetako bat giza harremanak edukitzea da, zuzenean, buruz buru, aurrez aurre. Eta hori ere galtzen doa. Garraio publikoan elkarren ondoan egonagatik ez gaude elkarrekin, nor bere makinatxo jainkotiarrarekin baitago lotuta (edo makinatxo jainkotiar horren mende baitago).

Hala ere, 2600 milioi pertsona inguruk ezin dute Internet iritsi, iluntasun digitalean bizi dira: txirotasun digitalean bizi dira. Txiro digitalak dira. Zelako erraztasuna dugun gizakiok egunean baino egunean alde handiagoak sortzeko geure artean. Eta argitasun digitalean bizi garenok ez gara konturatzen (edo ez digu) hurkoaren egoeraz, harik eta egun batean Internetek bere burua lotura eten arte, eta orduan hutsune digitalean gelditzen gara, ezinduta, itsu, gor-mutu bihurtuta.