Xabier, herri honetan sarritan omenaldia egiten zaio gizartean distira gehien agertzen duenari, oso gutxitan itsu-beharra egiten duenari, egitura eta oinarriak sendotzen dituenari, hori ez baita glamourosoa. Nik lagun legez goraldu nahi zaitut eta ez daukat batere asmorik zuk egindako lana igartzeke igaro dadin. Ez horixe. Zuk egindako lanari esker askok eta askok egin ahal izan dute euren lana, ahalmenik txikiena dutenek euren baliabideetatik kanpora zeuden ekintzak eta jarduerak egin ahal izan dituzte. Herri-gizona zara.
Bai, herri-gizona zara, ez plaza-gizona. Herri-gizona zara ezagutzen zaitudanetik. Aberri bakarrekoa. Aberri horren alde dena eman duena. Gogoratzen naiz Abbot eta Costello bikoteak Bilboko kaleak zapaltzen zituenetik bazenuela ardura handi bat, behin eta berriro hizpidera ekartzen zenuena: “Ez dezagun gure herria sal”. Zotal-egunak ziren, eta finantza-arloko herritarrak ez zeuden ondo hartuak gure gizarte plaza-gizon-zale honetan.
Oraindik askok ez dakite plaza-gizonak plazan daudela herri-gizonei esker. Batzuetan begitantzen zait esker txarreko herri batean bizi garela. Zer egingo dugu, ba! Zuk ondo margotu zenuen marra norbere buruaren harrotasunaren eta kanpo-ederren harrokeriaren artean. Egin asko, gutxi esan. Nik entzun dudanez, asko dakitenek ez dute hitz askorik egiten. Zeure ikuspegiari esker, 2014an BBKrentzat 2035erako ezarritako helburuak 2025ean beteak dituzu sobera. Dakienak badaki, ez dakienak baleki.
Eta erabakiak garaiz hartzen jakiten izan duzu beti. Tontorrean zaudela erabaki duzu nahikoa dela, beste garai bati aurre egin behar diozula. Ez duzu kanpainarik egin zeure buruaren alde. Ez, horratik. Zuk 2008tik azaltzen zenizkidan teoriak, gizartearen gehien-gehienaren iritzien aurkakoak zirenak, egin-egin dituzu eta zuzen zenbiltzala frogatu. Ziur naiz oraingoan ere asmatuko duzula herri honen alde zeure jakite eta lan bikainak jartzean. Zu bezalako euskaldunei ez da katea oraindik eten.