Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Jose Manuel Bujanda

Hilabete gutxi

Batzuetan, errealitateak “fikzio zientzia” deritzana gainditzen du. Hori jakina zaigu. Eta halaz ere gizakiok jarraitzen dugu harritzen, askotan harridurak itotzen gaitu. Bizitzako alor eta esparru askotan. Politikan ere. Geure mugetatik dantzan dabilen politikan ere. Hala nola Donald Trumpek guztiok txunditzeko eta harritzeko gaitasun oparoa dauka. Etxe Zuriko presidentea, karguan daramatzan hilabete gutxitan, zorrotz betetzen ari da hauteskunde-kanpainan eta botere-eskualdaketan zehar zabaldutako plana. Plan horren helburua da Estatuak bere herrialdean duen egituraren zati handi bat desegitea, etorkin guztiak kriminalizatzea eta bermerik gabe deportatzea, Trumpen delitu ukaezinak jazarri zituztenen mendekua hartzea edo bereak ez diren ideiak defendatzen dituztenena, arau partekatuetan oinarritutako nazioarteko ordenari kasurik ez egitea eta muga-sari bat altxatzea Estatu Batuen inguruan, nahiz eta aurreikusi ezin diren ondorioak dituen gerra komertziala eragin. Aurreikusitakoa motz geratu zaigu oraingoan, zoritxarrez. Baina hau guztia, Trumpek berak iragarri zuen, den dena zegoen erakunde ultra-kontserbadoreen gidoietan eta oraingoan trumpismoa boterera itzultzearekin batera etorri zaizkigu. Metodo eta kronologia zorrotzarekin gainera. Demokrazia liberaletan, erakundeetako bizitzako unerik sentikorrena hauteskundeen ondoren boterea txandakatzea aldarrikatzen duena da; une horretan, funtsezkoa da gobernatzeko aukera galtzen duen agintariak arauak onartzeko, sortzen den Gobernuaren lidergoa legitimatzeko eta instituzioei leialtasunez lan egiteko modua boterea berreskuratzeko. Gogoratu Trumpen jarrera guztiz makurra aurreko hauteskundeak galdu zituenean, ez onartu. Baina (beti dago bizitzan “baina”ren bat) agian Donald Trumpek, eta berak jakin gabe, mesedetxo bat egiten ari zaigu Europar hiritarroi. Nago Donald Trumpen eraginaz Europa batuago baten aurrean gaudela. Egoera guztiz zail honek Europaren begi bistan erronka berria jarri du: Europa europeagoa. Bedi, bada.