Kaixo, ongi etorri mundura eta guregana, Kira. 71 urte bete ditudan egunean, Santo Tomasen, zuk lehenengo bizitzako minutua osatu duzu. Oraingoz ez dugu elkar ezagutzen, baina ziur edozein egunean kalean topo egingo dugula eta egun horretatik aurrera lagunak betirako. Jose Manuel Bujanda naiz. Zure amatxo ezagutzen dut baita zure amatxoren amatxo ere. Ziur egunotan harro eta hunkitua dagoela zure jaiotzarekin. Amonak zure jaiotzarekin pentsamendu eta sentimendu asko izango dituela buruan eta bihotzean, jakin badakit. Kira, zure amonak ahizpa bat dauka eta ziur baita bera ere oso pozik dagoela. Sekretu txiki bat Kira: bai amona eta baita bere ahizpa ere asko maite ditut eta oso aspalditik gainera baina, hau ez esan beraiei e? gure arteko sekretutxoa izango da eta. Baina halaz ere, eta agian baita, oso aspalditik beraiek ere susmo hori, izan badute. Aitatxo ez dut pertsonalki ezagutzen baina esan didate pertsona ona dela eta Donostian ezaguna. Ziur, Kira, pixkat koskortzean kamiseta txuri-urdin bat oparituko dizula kaletik harro paseatzeko. Kira, zure aitatxoren aitatxo, zure aitona beraz, aspalditik ezagutzen dut, gizon ona, medikua, eta nire alabak txikiak zirenean zure aitonarengana eramaten genituen gaixorik zeudenean. Aitatxok anai bat dauka, famatua, irratian egiten duena lan, azkarra, bere ahotsa gogokoa dut. Hau ere zure eta nire artean, handitzen zarenean amatxok, aitatxok edota amonak kontatuko dizute zeruan badaudela gutxienez hiru pertsona zure jaiotzarekin oso pozik, eta harro, daudenak. Ongi etorri Euskal Herrira. Ziur, baita ere, zure lehen hitzak euskaraz ahoskatuko dituzula, bai, euskaraz, geure bihotzeko hizkuntzan hain zuzen. Laster jakingo duzu euskalduna zarela eta horrelako gauzak. Baina ez larritu Kira, hau eta beste kontuak amatxok, aitatxok edota amonak kontatuko dizkizute eta betiere zalantzaren bat geratukotan galdetu niri, asko dakit eta. Gaur 34 egun bete dituzu. Bizitzan zorte onena opa dizut. Laster arte. Bi muxu nexka. Bai, Kaixo Kira.